Jaietako kartel eta argazki zaharrekin apaindu dute
Azken hamarkadetako Altzako festen oroitzapenak gogora ekartzea du helburu ‘Altzako udak’ erakusketak. Tomasene Kultur Etxean ikus daiteke irailaren 3ra bitarte.
Altzako 1921eko jaiak antolatzeko gutun ofizial bat, 1933ko festetako liburuxka bat, 1976ko Buenavistako jaietako kartela, 1984ko Herrerako jaietako kartela, aspaldiko antolatzaileen testigantzak, Joan Mari Irigoienek eman zuen pregoia eta beste biltzen ditu Altzako udak erakusketak. Pandemiaren aurretik Altzan udan egon ohi zen giroa gogoratzeko antolatu dute, eta Tomasene Kultur Etxean dago ikusgai. Kartel eta argazki zaharrez apaindu dute kultur etxeko sarreratik liburutegiraino.
Argazkien aukeraketa kultur etxean egin dute, batez ere, Altzako Tokiko Bilduman –www.altza.info– aurki daitezkeen dokumentuetan oinarrituta. Era berean, hainbat auzotako jai batzordeei argazki eta dokumentu zaharrak eskatu dizkiete. «Aukeraketa egin ostean, Altzako Historia Mintegiko lan taldearen iritzia kontuan hartu eta Tomaseneko espaziora egokitu dugu material guztia», azaldu du Beñat Arizmendik, kultur etxeko jarduera teknikariak.
Festak ordezkatzea «ezinezkoa» den arren, azken hamarkadetakoak gogoratzea «beharrezkoa» dela uste du Arizmendik: «Festetan parte hartu eta jai batzorde zein eragile guztiak omentzeko balio dezake».
Harrera ona
Erakusketarekin konturatu dira Altzakoen nostalgia piztea lortu dutela. «Askok esan digute liburutegia oso polita dagoela. Erabiltzaile asko agertzen dira argazkien artean. Festetan horren garrantzitsuak diren programak ikusi eta ukitzea asko estimatu dute. Pasadizoak ere kontatu dizkigute». Erakusketan QR kodeen bidez Altzako Tokiko Bildumaren webgunera sar daiteke, digitalizatutako dokumentuez gain askoz gehiago ere ikusi ahal izateko.