"Koronabirusaren osteko ziurgabetasuna gehiegizkoa izan da"
Munduko Badminton Rankingeko jokalari batzuen bajak direla eta, Clara Azurmendik (Gros, 1998) Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du. Besteak beste, Carolina Marin andaluziarraren lekua hartu du Azurmendik, belauneko lesio bat izan baitu Marinek. Jokoetarako gogotsu dagoela dio Azurmendik, baina gozatzera eta ikastera doala azpimarratu du.
Joan den asteburuan baieztatu zen Tokioko Olinpiar Jokoetara joango zarela. Lehenagotik zenekien?
Carolina Marin lesionatu eta gero, esan zidaten aukera asko nituela Tokiora joateko, eta baieztapena soilik falta zela. Duela aste batzuk nire burua gutxinaka jokoetara joateko aukera asko nituela hasi zen asimilatzen, eta nahiz eta joateko %99ko aukerak izan, baieztapena jaso arte ez nengoen guztiz lasai. Bederatzi urte daramatzat Madrilen entrenatzen, eta egiten dudan guztia nire ametsak lortzera bideratuta dago.
Nola jaso zenuen Carolina Marinen lesioaren albistea?
Hasieran kolpe handia izan zen niretzat; izan ere, Carolina taldekide izateaz gain, laguna ere bada. Belauna hausteak asko suposatu zuen berarentzat, batez ere Olinpiar Joko hauek galduko dituelako. Niri 2018an ere ebakuntza bat egin behar izan zidaten, eta badakit zer nolako frustrazioa eragiten duen.
Halako uneetan pentsatzen duzu ea jarraitzea merezi duen, baina gero konturatzen zara sufrimenduak merezi duela, eta Olinpiar Jokoen saria adibide garbi bat da.
Nola doa sailkapen sistema badmintonean?
Nik zehazki ez dut Carolina Marinen plaza hartu, badmintonean ez baitaude estatu mailako plazak, nazioartekoak dira. Munduko ranking bat dago, eta lehen 38ak doaz Olinpiar Jokoetara. Ni 43. lekuan nago, baina Carolinaz gain beste baja batzuk ere izan dira, eta azkenean txartela lortu dut.
Nolabait, jakina zen joango nintzela, baina rankinga berritu eta publikatu arte, ez zen ofiziala, eta nahiago genuen ezer ere ez esan, badaezpada.
Nola daramazu jokoak hasi baino hilabete lehenago jakitea joango zarela?
Kirolari askok duela urtebete baino gehiago zekiten joango zirela, eta nire kasua oso ezberdina izan da. Argi dago Olinpiar Jokoak irabazteko hilabete baino gehiago behar duzula prestaketarako.
Ni hilabete honen hasieran hasi naiz jokoak prestatzen, bai teknikoki, fisikoki eta psikologikoki ere, eta ahalik eta sasoi onenean iristen saiatuko naiz. Egia esanda, fisikoki oso ondo sentitzen naiz; azken txapelketetan oso ondo aritu naiz, eta ondo sentitzen dut nire burua fisikoki. Espero dut inertzia positibo hori ondo bideratzea Tokion. Hala ere, Olinpiar Joko hauetan nire helburua gozatzea da, baita hurrengoetarako esperientzia gehiago izatea ere.
Egia da kirolari askok lehen Olinpiar Jokoetan gozatzea eta ikastea dutela helburu?
Hala da; nik espero dut Tokioko joko hauek nire etapa berri baten hasiera izatea. Ikasi, esperientziak bildu, eta hurrengo Olinpiar Jokoetan bestelako helburuekin joan.
Olinpiar zikloa urtebete luzeagoa izateak zerbaitetan eragin dizu?
Nire kasuan, luzapen honek eragin du jokoetara joan ahal izatea. Hala ere, 2020ko itxialdiak asko eragin zidan, kirolari guztiei bezala. Ez da erraza ia hiru hilabetez etxean itxita egotea, gutxi entrenatuz. Txapelketa askoz gutxiago izan ditugu, adibidez, eta hori izan da gogorrena. Nik normalean hilabetean hiru edo lau txapelketa izaten ditut, eta 2020an ia zazpi hilabete eman ditut lehiatu gabe.
Ziurgabetasuna gehiegizkoa izan da; dena oso planifikatuta izaten dugu, txapelketei begirako entrenamendu kargak batez ere, baina hurrengo txapelketa noiz izango duzun ez jakiteak asko aldrebestu du dena azken urte luzean.
Non zeunden itxialdia dekretatu zenean?
Madrilgo Errendimendu Altuko Zentroa itxi egin zuten, baina ni bi egun lehenago Donostiara etorri nintzen, eta hemen nengoela jakin nuen denbora batez ezingo nuela Madrilera itzuli.
Ezin naiz kexatu, uste dut itxialdia ondo eraman nuela. Nire inguruan ez zen inor kutsatu, eta gainera aktibo jarraitu nuen etxean. Bestalde, hiru hilabetez etxean eta etxekoekin egoteko aprobetxatu nuen, 14 urterekin Madrilera joan nintzenetik ez bainaiz hainbeste denbora egon gertukoekin. Opor arraro moduko batzuk izan ziren, baina badmintonetik pixkat deskonektatzeko ere ondo etorri zitzaidan, gero entrenatzeko gogo handiekin itzultzeko.
Zenbat urte daramatzazu Madrilen?
Bederatzi urte inguru, 2012an joan bainintzen, 14 urte bete berri nituela.
Ondo eraman zenuen hain gazte familiarengandik urruntzea?
Badmintonaren alde egiteko aukera bikaina zen, eta egin nuen, ordurako Donostia txiki egin zitzaidalako. Espainiako federazioa bi urte zeraman ni Madrilera eramateko asmoarekin, eta azkenean, familiarekin hitz egin ostean, joateko erabakia hartu nuen. Asko lagundu zidaten etxekoek; beraientzat ere ez zen erraza izan, baina bazekiten nire ametsa zela.
Egia da hasieran beldur nintzela, Donostian oso ondo negoelako, baina azkenean gurasoek eman zidaten joateko bultzada. Lehen urtea izan zen zailena, triste jartzen bainintzen batzuetan, baina gaur egun ez nuke aldatuko.
Urteko zenbat hilabete ematen dituzu han?
Txapelketa kopuruaren arabera asko aldatzen da. Koronabirusaren aurretik, hilabetean hamar egun inguru Madrildik kanpo ematen nituen, nazioarteko txapelketetan.
Madrilen nengoen lehen urteetan hilabetean behin edo bi hilabetean behin etortzen nintzen Donostiara, baina orain gutxiago nator. Eguberrietan zazpi edo hamar egunez etortzen naiz, eta udan beste hainbeste.
Basque Teamen bekaduna zara?
Bai.
Zer iruditzen zaizu ematen dizuten laguntza?
Niretzat berebizikoak dira, txapelketa gehiagotara joateko laguntza ematen baitit. Azken finean, txapelketa gehienetara doanak rankingean gorago egoteko aukerak ditu, eta tamalez, federazioak ezin ditu txapelketa guztiak ordaindu. Lehiaketa batzuen gastuak nik ordaintzen ditut batzuetan, eta beka hauek hobetzen laguntzen didate.
Bestalde, laguntza ekonomikoaz gain atzean laguntza talde bat dudala jakiteak lasaitasuna ematen dit.