Quiñones eta Uriarte Athleticera, Garcia Real Madrilera eta Palacios America Femenilera
Mariasun Quiñones atezaina Athleticeko jokalaria izango da aurrerantzean. (Argazkia: Athletic) Realaren emakumeen taldeko hamar jokalarik kluba utzi ostean, hasi da horietako batzuen etorkizuna argitzen. Momentuz, lau jokalari nora joango diren jakinarazi dute: Mariasun Quiñones, Itxaso Uriarte, Nahikari Garcia eta Kiana Palacios.
Horietako bi, Quiñones atezaina eta Uriarte erdilaria, Athleticera joan dira. Atezainak zazpi denboraldi pasa ditu klub txuri-urdinean, eta hiru urterako kontratua sinatu du zuri-gorriekin. Uriarteren kasuan, hamar denboraldiz izan da txuri-urdina, eta bi urterako sinatu du bizkaitarrekin.
Garciak zortzi denboraldi egin ditu Realean, eta emakumezkoen taldearen historian gol gehien sartu dituen jokalaria da. Real Madrileko jokalaria izango da 2021/2022 denboraldian.
Palaciosi dagokionez, azken hiru denboraldiak pasa ditu klub txuri-urdinean, eta bere herrialdera itzuliko da, Azteca estadioan jokatzen duen America Femenil taldearekin sinatu baitu.


