Tokiora begira daude Donostiako hautatuak
Uztailaren 23an hasiko dira Tokioko Olinpiar Jokoak, eta Paralinpiar Jokoak, berriz, abuztuaren 24an. Koronabirusak eragindako osasun larrialdia dela eta, urtebete atzeratu zituzten jokoak, eta Donostiako kirolariek protokolo zehatz batzuk bete beharko dituzte Tokion.
Bost urte luzeren ostean, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak itzultzear dira, Tokiora oraingo honetan. Rio de Janeiron egin zen azkenekoz munduko kirol ekitaldi nagusia, eta bi jokoen artean 1.813 egun igaro dira. 2019an Txinan, eta 2020an munduko gainontzeko herrialdeetan, eztanda egin zuen koronabirusak eragindako osasun larrialdiak, eta berehala hasi ziren munduko ekitaldi nagusiak bertan behera geratuko zirelako zurrumurruak, Tokioko jokoak barne.
Ezjakintasuna eta ezegonkortasuna handia zen une horretan, eta hainbat herrialderekin izandako tira-biren ostean, 2020ko martxoaren 24an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) eta Tokioko Olinpiar Jokoen Antolaketarako Batzordeak jokoak atzeratzea erabaki zuten. Handik sei egunera, bi erakundeek jokoen data berriak eman zituzten aditzera: Olinpiar Jokoak uztailaren 23tik abuztuaren 8ra, eta Paralinpiar Jokoak, berriz, abuztuaren 24tik irailaren 5era.
Azken hilabeteetan egoera pandemikoaren bilakaera baikorra izan da munduko herrialde gehienetan, txertaketa kanpainei esker, batez ere. Hau garbi ikusi da Eurokopan: Hungariako eta Danimarkako estadioek %100eko edukiera izan dute, eta maskararen erabilera ez da beharrezkoa izan. Hala ere, herrialde askotan koronabirusak gogor jotzen jarraitzen du, Hegoamerikan ta Karibeko herrialdeetan batez ere.
AEBetako Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera, ekainaren 29an Latinoamerikan eta Karibeko herrialdeetan azken zazpi egunetako intzidentzia metatua 260koa zen; Europan, 70ekoa; Asian, 30ekoa; Ipar Amerikan, 28,16koa; Afrikan, 20,6koa; eta Ozeanian, azkenik, 7,3koa.
Hau dela eta, Tokioko jokoek aurrera jarraitzen dute, nahiz eta protokoloak eta jarduteko erak oso zorrotzak izango diren.
Aurrekariak
Hau, baina, ez da Olinpiar Joko batzuk atzeratu behar izan diren lehenengo aldia. Arrazoiak, hala ere, guztiz ezberdinak dira. 1916. urtean VI. Joko Olinpiko Modernoak Berlinen ziren egitekoak, Alemaniar Inperioan. Estadio asko eraikita zeuden jada, baina Lehen Mundu Gerrak Olinpiar Joko hauek bertan behera uztera behartu zuen NOBa.
Antzeko zerbait gertatu zen 1940. eta 1944. urteko Olinpiar Jokoekin. 1940ko jokoak Tokion ziren egitekoak, 1936. urtean Berlingo jokoetan aho batez onartu baitzen hiriburu japoniarrean egingo zirela hurrengoak. 1937. urtean, baina, Txinaren eta Japoniaren arteko gerrak eztanda egin zuen, eta Helsinki aukeratu zuten egoitza moduan. Erabaki honek ez zuen asko iraungo, Bigarren Mundu Gerrapiztu baitzen 1939. urtean, eta honekin batera, Finlandiaren eta Sobietar Batasunaren arteko Neguko Gerrak. Bertan behera utzi zituzten joko hauek, eta Finlandiak 1952. urtekoak antolatu zituen.
1944. urtean Londresen ziren egitekoak Olinpiar Jokoak, baina 1940. urtean gertatu moduan, bertan behera utzi behar izan zuten ekitaldi hau ere, Bigarren Mundu Gerra dela eta.
Helsinkin eta Londresen Joko Olinpikoak ezin izan zirenez egin, bi hiriburu hauek antolatu zituzten hurrengo bi jokoak; 1948. urtekoak Londresek, eta 1952. urtekoak Helsinkik.
Gatazka politiko eta armatuek beste Joko Olinpiko batzuk ere jarri dituzte kili-kolo, 1972. urteko Munichekoak, esaterako. Olinpiar Jokoen antolatzaileek segurtasun neurri gutxi hartu zituzten, itxura irekia eta normalizatua emateko ekitaldiari. Hau dela eta, Israelgo ordezkaritzako kide batek, Shmuel Lalkinek, antolatzaileei arduratuta zeudela adierazi zien. Jokoen bigarren astean, Irail Beltza erakundeko zortzi kide Israelgo kirolariak zeuden etxadietan sartu ziren eta bahitu egin zituzten.
Bahitzaileek, besteak beste, Israelgo kartzeletan zeuden 234 preso palestinar askatzea eskatzen zuten, eta Israeldarrek hasieratik utzi zuten garbi ez zirela mehatxuen aurrean kikilduko. Bahiketa luze joan zen, eta bahitzaileek Cairora joatea eskatu zuten, hegazkin huts batean. Agintari alemanek tranpa ezarri zieten aireportuan, hegazkinak ez zuelako piloturik. Tiroketa luze baten ostean, Irail Beltza erakundeko kideek hamaika kirolari israeldarrak hil zituzten, eta poliziak erakundeko zortzi kideetako bost hil zituen. Polizia bat ere hil egin zen tiroketan.
NOBak, hala ere, ordu batzuk behar izan zituen Olinpiar Jokoak behin-behinekoz bertan behera uzteko. Palestinarrak goizeko 04:40 aldera sartu ziren israeldarrak bahitzera, eta arratsaldeko 15:30era arte ez zituzten bertan behera utzi. Gutxi gora behera 34 orduz geratu ziren jokoak, eta Avery Brundage orduko NOBeko presidenteak jarraipenaren alde egin zuen: «Jokoek jarraitu behar dute!».
Bizirik geratu ziren hiru bahitzaileak 53 egunera aske utzi zituzten, eta Israelgo Estatuak gogor erantzun zion Municheko Sarraskia izenez ezaguna den gertakari honi. Mossad inteligentzia zerbitzuaz baliatuta, Palestinaren Askapenerako Erakundeak eta Al-Fatahk Europan zituen hainbat ordezkari hil zituzten, besteak beste, sarraskiarekin zerikusia zutelako aitzakiarekin. Jainkoaren Haserrea zuen izena operazioak, eta 1972 eta 1979 urteen artean gutxienez hamabi pertsona hil zituen Mossadek hainbat atentatutan. 1979. urtean, adibidez, Ali Hassan Salameh hiltzeko atentatuan, Beiruteko kale batean auto bat eztandarazi zuten Mossadeko agente batzuek, eta Hassanez gain, kalean zebiltzan beste lau pertsona hil zituzten.
Birusak tarteko
Birus batek ere jarri ditu jokoan Joko Olinpiko batzuk, 2016ko Rio de Janeirokoak, zehazki. 2015eko otsailean Zika birusaren kutsatze batzuk agertu ziren Brasilgo eskualde batzuetan, eta Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako herrialde gehienetara zabaldu zen gaixotasuna hilabete gutxian. Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak gertu zeuden, eta 2016ko otsailaren 3an Munduko Osasun Erakundeak zikaren epidemia «mundu mailako arazoa» zela adierazi zuen.
2016. urtean, baina, egoera epidemiologikoa ez zen 2020. urtean bezain larria; lehenik eta behin, birusa ez zegoen munduko herrialde guztietan zabalduta, eta bestalde, birusaren transmisioa ezberdina da kasu bietan. Zikaren kasuan, Aedes aegypti eta Aedes albopictus eltxoen ziztadura da kutsatzeko modu normalena, eta pertsonen artean, sexu-harreman bidez edo transmisio bertikal perinatal bidez kutsatu daiteke gaixotasuna.
Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak ez ziren bertan behera geratu gaixotasun honengatik, baina NOBak neurri bereziak hartu zituen, eta besteak beste, 450.000 preserbatibo banatu zituen kirolarien artean, sexu-harreman bidezko kutsatzeak ekiditeko.
Brasilen, guztira 78.421 kasu baieztatu zituzten, eta beste 174.003 kasu susmagarri egon ziren.
«Jokoei ez!»
Hala ere, badago Tokioko Olinpiar Jokoen aurka dagoen jendea, egoera pandemikoagatik batez ere. Hau dela eta, azken hilabeteetan Japoniako biztanle asko Olinpiar Jokoen aurkako mobilizazioak egiten ari dira, eta Internet bidez 353.000 pertsonak baino gehiagok sinatu dute jokoak bertan behera uztearen aldeko manifestua, «Cancel the Tokyo Olympics to Protect Our Lives» (Ezeztatu Tokioko Olinpiar Jokoak, gure bizitzak babesteko). Asahi Shimbun egunkariak maiatzaren 17an egindako inkesta baten arabera, japoniarren %43 jokoak bertan behera uztearen alde dago, eta %40, berriz, jokoak berriro atzeratzearen alde.
Mugimendu hau, besteak beste, Kenji Utsunomiyak bultzatu du, abokatua eta Tokioko gobernatzaile hautagai ohiak. Maiatzaren 14an aurkeztu zuen Utsunomiyak Japoniako hiriburuko gobernuan eskakizuna, eta jendartearen segurtasuna lehenestea eskatu zuen. Hala ere, Olinpiar Jokoen aurka ez dagoela azpimarratu zuen: «Olinpiar Jokoek denon ongietorria izan behar dute, baina hau ezinezkoa da egungo egoerarekin. Hau dela eta, jokoak bertan behera utzi behar dira».
Koronabirusaren kutsatze datu altuetan eta txertaketa kanpainaren erritmo baxuan oinarritzen dira mugimendu honen aldeko pertsonak. Izan ere, mendebaldeko herrialde gehienekin alderatuta, Japoniako txertaketa erritmoa motela da. Our World in Dataren arabera, dosi guztiak jaso dituzten 14,6 milioi pertsona zeuden Japonian ekainaren 28an, biztanleriaren %11,6a. Hego Euskal Herrian, ekainaren 29an dosi guztiak jaso dituzten pertsonen portzentajeak %40ko langa gainditu zuen.
Segurtasuna jokoetan
Protesta hauen aurrean, NOBak eta Tokioko Olinpiar Jokoen Antolaketarako Batzordeak adierazi dute Tokioko jokoak seguruak izango direla, eta horretarako behar diren neurriak hartzen ari direla eta hartuko dituztela. Thomas Bach NOBko presidenteak honakoa adierazi zuen ekainaren 23an, Olinpiar Egunean: «Kirolaren indarraren sinisten dut, itxaropen eta baikortasun mezua zabaltzeko». Bestalde, Tokioko Olinpiar Jokoak «gizadiak birusa gainditu duenaren froga» izango direla azpimarratu zuen.
Olinpiar Jokoak kirolarientzat ahalik eta seguruenak izateko, NOBak txertoak eman dizkie herrialde guztiei. Eta ez bakarrik kirolarientzat, baita teknikari, mediku, fisioterapeuta, kazetari eta argazkilari guztientzat ere. NOBak herrialde bakoitzeko Olinpiar Batzordeari Tokiora joatea aurreikusten duten pertsona guztientzat banatu ditu txertoak, eta batzorde bakoitza arduratzen ari da txerto horien banaketaz eta erabilpenaz.
Olinpiar Jokoetako txertaketaz eta osasun protokoloez gehiago jakiteko, Elena Etxebarrieta Basque Teameko komunikazio arduradunarekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak.
Etxebarrietaren arabera, NOBak eta Japoniako Gobernuak ez dituzte kirolariak, teknikariak eta prentsako langileak txertatzera behartu, baina bidali dituzten txosten guztietan txertatzea gomendatu dute. Espainiako Estatuaren kasuan, Espainiako Olinpiar Batzordea (EOB) da txertoaren banaketaz arduratzen ari den erakundea, eta Espainiako Armada ari da txertaketa kanpaina berezi honetan laguntzen.
Hego Euskal Herriko kirolariak Zaragozan ari dira txertatzen, eta gehienek dosi guztiak hartu dituztela azpimarratu du Etxebarrietak: «Adinaren arabera, Janssenen edo Pfizerren txertoa ari dira hartzen, eta gehienak guztiz txertatuta daude. Kirolari paralinpiarrak dira txertaketa prozesuan motelen doazenak, hilabete beranduago joango baitira».
Bestalde, Tokiorako bidaia eta aurreko egonaldia federazio bakoitza ari dela antolatzen argitu du Etxebarrietak, eta hauetako bakoitza kirolariei haien araudi eta protokolo propioa ezartzen ari zatzaiela azpimarratu du: «Espainiako Arraun Federazioak, adibidez, arraunlariei eskatu diete prentsarekin pertsonalki ez egoteko, eta harrera ofizialetara eta jende asko dagoen lekuetara ez joateko».
Behin Tokiora iritsita, NOBaren arauek diote kirolariak entrenatzeko edo lehiatzeko bakarrik atera daitezkeela Hiri Olinpikoetatik. Bestalde, prentsako langileei xehetasun maila handiko lehen hamalau egunetako plangintza eskatu diete, uneoro non egongo diren jakiteko. Hala ere, Japoniako Gobernuak onartu egin behar du plangintza hori Tokiora joan aurretik. «Kazetarien kasuan, ezin dugu garraio publikoa erabili, ezin gara bertako jendearekin nahastu, eta ezin dugu edozein jatetxeetara joan», dio Etxebarrietak.
Hiri Olinpikoan, kirolari bakoitzak bere gela propioa izango du, eta otorduetan edukierak eta distantziak oso kontrolpean egongo direla dio Etxebarrietak. Hala ere, Tokiora iritsi arte egoera nolakoa izango den ez dakitela azpimarratu du: «Arauak baino gehiago, gomendioak ari dira gailentzen, eta ez dakigu zenbateko zorroztasuna izango duten gomendio hauek ezartzeko unean».
Kirol esparruetan, edukiera %50era egongo da mugatuta, eta gehienez 10.000 pertsona sartu ahal izango dira. Bestalde, esparruetara japoniarrak bakarrik sartu ahal izango dira, eta ezinezkoa izango da Olinpiar Jokoak ikustera bidaia egitera. Kirolarien familiako kideek eta lagunek ezingo dute Japoniara joan, eta prentsako langileak esparruetan sartu ahal izateko egunero baimen bereziak eskatu beharko dituztela dio Etxebarrietak.
Donostiarrak Tokion
Oraingoz, lau donostiarrek dakite ofizialki Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetara joango direla. Badmintonean, Aieteko Clara Azurmendi joango da Tokiora; futbolean, Realeko Martin Zubimendik futboleko txapelketan hartuko du parte, Mikel Oiartzabalekin eta Mikel Merinorekin batera; ur bizietako piraguismoan, Donostiako Atletikoko Maialen Chourraut lasarteoriatarrak K1 proban hartuko du parte. Emakumezko belar hockey taldeko Maialen Garciak aukera asko ditu Tokion egoteko, baina deialdia ez du ofizial egin oraindik Espainiako federazioak.
Paralinpiar Jokoetan, Iñigo Llopis igerilariak bizkar estiloko 100 metrotan ziurtatua du txartela, eta beste hiru probatan itxaron egin behar du baieztapen ofiziala jaso arte. Antzekoa gertatzen zaio Nahia Zudaireri: oraindik ez daki guztiz ziur joango den ala ez, baina Irutxuloko Hitzarekin maiatzean egin zuen elkarrizketan adierazi zuen baieztapen ofizialaren zain dagoela.