Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusak eraikin berria inauguratu du
Gaur izan da Deustuko Unibertsitateko Larramendi eraikin berriaren inaugurazioa.
Deustuko Unibertsitatea 1886. urtean sortu zen, eta 1956an ireki zen Donostian. Lehenbizi Brunet-Enean sortu bazen ere, 1963ko maiatzaren 25ean hasi zen Mundaizeko campus berriaren eraikuntza. Ordutik aurrera, urtez urte joan da eraldatzen, jarduera ekonomikoen beharrei erantzuteko. 1998an bost solairuko Arrupe eraikina eraiki zen, eta Mateo Ricci 2005ean, liburutegi berriarekin eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren egoitzak hornitutako instalazio eta ekipamenduekin.
2011an beste hainbat eraikin inauguratu ziren: Patxi Altuna eraikina, Dionisio Aranzadi eraikina eta Francisco Garate Innogunea. Eraikin hauek punta-puntako ekipamenduak eskaini eta bultzada sendoa eman diote campusari.
Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusa Mundaiz pasealekuan dago kokatuta, Urumea ibaiaren ertzean eta Cristina-Enea parkearen ondoan, eta 32.000 metro koadroko unibertsitate esparrua osatzen du.
Orain, campusa handitu egin da Larramendi eraikinarekin. Irakaskuntza eta ikerketa jarduera indartuz, gaur egungo eraldaketa digitalen beharrei erantzuten dizkio. Eraikin berri honek 12.000 metro koadro hartzen ditu, eta 16,8 milioi euroko inbertsioa egin da.
Oinarrizko 3 ardatz ditu Manuel Larramendi XVIII. mendeko jesuitaren izena daraman eraikin berriak:
– IIBZ (Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentroa) Liburutegia: Xole Galarraga IIBZko zuzendariaren esanetan, liburutegiek aspaldi utzi zioten liburutegi izateari. Jada hauek ez dira liburuak biltzeko leku bat soilik, beste hainbat posibilitate zabaltzen dira gaur egun. Honekin liburutegia unibertsitateetako berrikuntzaren eragile izatea bilatu nahi da, eta irakaskuntzaren, ikaskuntzaren eta ikerketaren euskarri izatea. Liburutegiaren helburuen artean, informazioaren eta komunikazioaren teknologien abantailak integratzea, zerbitzu interaktibo berriak integratzea, baliabide berriak sortzea era jakintzarekiko interes kolektiboa sustatzea daude.
Eskuratzeko prest dauden 20.000 liburu eta gordailuan dauden 140.000 liburu, ikasteko aretoak, talde lanerako aretoak, bulegoak eta beste hainbat esparru ditu liburutegi berriak.
– Ikasgela eta ekipamendu berria: Prestakuntza eskaintza zabaltzea lortu dute ardatz honekin. 13 ikasgela berriek 1.000 ikasle hartu ahal izango dituzte.
– Kirol instalazioak, laborategiak eta ospitale birtuala: Prestakuntza metodologia berritzaileak aplikatzeko kirol instalazioak izango dituzte fisioterapiako eta Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako titulazioetako ikasleek.
Hiru ardatz horiez gain, eraikin berriak konpartitzeko eta atseden hartzeko ere hainbat espazio ditu. Eraikin berriari buruzko informazio guztia Deustuko Unibertsitatearen web orrialdean eskuragai.