'Herri Txiki, Infernu Handi' saioa Altzan izan da
Mikel Pagadi aurkezlea Altzan, Joxe Mari Arrietarrekin. (Argazkia: 'Herri Txiki, Infernu Handi') ETB1eko Herri txiki, infernu handi telebista saioak atzo bukatu zuen denboraldia, Altzan hain justu. Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik ondo ezagutu zuten Altzaren historia eta hango jendea. Ohi bezala, hainbat bizilagunen eskutik ibili ziren Altzako kale, baserri eta etxeetan.
Esaterako, Eneko Razkinekin Altzako historia ezagutu zuen Pagadik. Bertsozale amorratua da Razkin, eta kontatu zuen Txirrita bertsolaria Hernanitik Altzara joan zela bizitzera. Argazki zaharrak ere erakutsi zizkion aurkezleari, besteak beste, Altza Donostiarekin anexionatu zen egunekoa eta garai hartako paisaia nolakoa zen erakusten dituzten argazkiak. Baserri giroan ere murgildu zen Pagadi, Illarregi baserriko Joxe Mari Arrietarekin. Haren baserriari Ipotxen baserria esaten diotela kontatu zuen; izan ere, zazpi ipotxen figurak eta hainbat animalia ditu etxea inguratzen duen hesian jarrita. Manuel Arrietarekin ere bildu zen, urte luzez Banesto txirrindularitza taldean ibilitakoa eta Miguel Indurainen masajista izandakoa. Armarri berezia duen etxe baten historia ere ezagutu zuen Pagadik: Iñaki Aginagak bere etxearen historia berezia kontatuko zion: Artzaka baserriak Madril hiriko armarri bera du —hartza eta gurbitza—.
Gurrutxaga ere baserri giroan ibili zen, Asentxio Sarriegirekin batera, Irasune Goian. Soldaduska garaiko abenturak eta Extremaduratik (Espainia) Altzara lan bila etorri zen garaiko kontuak kontatu zizkion. Antton Goenaga ere ezagutu zuen: 87 urte ditu, eta bolotan aritzeko sekulako sasoia du. Altzako bolatokian izan zen harekin. Jesus Egidorekin ere egin zuen topo Gurrutxagak, Arria parkean. Orain dela 50 urte Extremadurako Acebo herritik etorritako familietako bateko semea da. Harekin mojeteoa probatu zuen, garai batean Caceresko (Espainia) nekazariek hamaiketako gisa jaten zuten entsalada. Ondoren, Altzako alkate izenarekin ezaguna den Ibonekin hitz egin zuen Gurrutxagak, eta azaldu zion ezin zuela Altzako udaletxean Donostiako bandera ikusi; beraz, balkoira igo eta kendu egin zuen.
Saio osoa Nahieran plataforman dago ikusgai. ETB1eko saioak ikusle datu onak lortu ditu azkeneko asteetan: ekainean, %6,1eko batez besteko ikusle kuota lortu du —euskaldunen artean, %11,8koa—. Denboraldi osoarekin konparatuz, %24,5 hazi da ekainean. Atzo, Altzako saioarekin %6,3ko kuota lortu zuten.


