147 koronabirus kasu atzeman dituzte ostiraletik igandera Donostian
Hiriko intzidentzia metatua 246,72koa da, eta goranzko joera mantendu da asteburuan. Intzidentzia metatu altuena Intxaurrondokoa da, eta Bidebietakoak baxuena izaten jarraitzen du.
Donostian koronabirus 147 kasu positibo atzeman dituzte asteburuan, ostiraletik igandera, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera. Hala ere, positibo kopurua jaisten joan da egunez egun: ostiralean 65 atzeman zituzten, larunbatean 46 eta igandean 36. Horrela, hiriko intzidentzia metatua (azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko atzemandako kasu positiboen proportzioa) 246,72koa da gaur egun. Gora egiten jarraitu du, 172, 16koa baitzen ostiralean. Ekainaren 25ean 87,72koa zen hiriko intzidentzia, eta egun horretan hasi zen gora egiten; ordutik, goranzko joera ez da gelditu.
Intzidentzia osasun eremuka
Ostiraleko datuekin alderatuta, intzidentzia metatuak gora egin du osasun eremu guztietan, eta Intxaurrondo eta Ondarreta eremu laranjan sartu dira, 300eko intzidentzia gaindituta:
- Intxaurrondo: 324,22
- Ondarreta: 317,94
- Aiete: 280,76
- Loiola: 272,55
- Gros: 256,65
- Amara-Erdialdea: 220,35
- Parte Zaharra: 209,54
- Amara Berri: 166,14
- Egia: 162,32
- Altza-Roteta: 158,20
- Bidebieta: 97,13
Kasu positibo kopuruari dagokionez, honakoak dira asteburuko datuak (ostiraleko, larunbateko eta igandeko positiboak batuta):
- Ondarreta: 28 (ostiralean 13, larunbatean 7 eta igandean 8)
- Gros: 23 (10-5-8)
- Amara Berri: 23 (12-8-3)
- Intxaurrondo: 15 (8-4-3)
- Aiete: 14 (3-8-3)
- Amara-Erdialdea: 10 (0-10-0)
- Egia: 9 (3-2-4)
- Parte Zaharra: 8 (4-1-3)
- Altza-Roteta: 8 (5-1-2)
- Loiola: 3 (2-0-1)
- Bidebieta: 1 (0-1-0)
Indarrean dauden osasun neurriak
Honakoak dira LABI-aren azken bileratik indarrean dauden neurriak:
- Segurtasun distantziak mantentzerik badago, kanpoaldean ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea.
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe. Ostalaritza establezimenduetan, ordea, gehienez sei pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean.
- 02:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan eta antzeko jardueretan %60koa da edukiera, baita terrazetan ere. Ostalaritza establezimenduen barnean %50ekoa da.
- Kirol ekitaldietan, sozialetan eta kulturaletan edukierak 600ekoak izango dira barruan, eta 800ekoak kanpoan. Guztira 1.600 eta 5.000 arteko pertsonako edukiera duten lekuetan, berriz, edukiera 800ekoa izango da gehienez barruan, eta 1.200ekoa kanpoan. Edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa duten lekuetan, berriz, gehienezko edukiera %30ekoa izango da.
- Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, eta ostalaritzaren neurri berak errespetatu beharko dituzte. Hauen ordutegia 09:00etatik 02:00etara izango da, eta %50eko gehienezko edukiera izango dute.
- Kanpoan, taldean egiten den kirolak ez du pertsona kopuru gehienezkorik, eta barruan gehienez 10 pertsonakoak izango dira taldeak. Aldagelen edukiera %50era handituko da.
- Kanpoko turismo eta natura bisiten taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira, eta barrukoak 10 pertsonakoak.
Txertaketa prozesua
Osakidetza orain dabil 40 urte baino gutxiago dituzten pertsonei txertatzeko hitzordua ematen, lehen dosia jaso dezaten. Era berean, 12 eta 17 urte arteko ikasleak ikasturtea hasi aurretik txertatzen hasteko baimena eman du EMA Sendagaien Europako Agentziak, eta Eusko Jaurlaritzak gazteen txertaketa aurreratzeko eskatu du.
Bestalde, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta.