Mugi sistemaren doakotasunarekin bat egin du Dbusek
Gaurtik aurrera, Dbuseko autobusen eta gainerako garraio publikoen (Lurraldebus, Euskotren eta Renfe) arteko doako aldaketak egin daitezke Mugi txartelaren bidez. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak apirilaren 5ean ezarri zuen doakotasuna, baina Donostiako Udalak ez zuen bat egin erabakiarekin. Ordutik, Mugi txartelarekin deskontua ez zen erabatekoa garraio publiko batetik bestera aldatzerakoan. Atzerapena udalaren eta aldundiaren arteko desadostasunak eragin du. Hobariak ezartzeko irizpide desberdinak dituzte bi aldeek.