Aedes japonicus eltxoa atzeman dute Donostian
Donostiako Udalak duela ia aste batzuk abiatu zuen tigre eltxoaren populazioa kontrolatzeko urteroko kanpaina, eta jakinarazi du hirian izurriteak kontrolatzeaz arduratzen den Lokimica enpresak Aedes japonicus eltxo inbaditzailea atzeman duela tigre eltxoarentzat jarritako tranpetan.
Udalak 85 tranpa jarri ditu aurten hiriko hainbat gunetan. 300 mililitro urez betetako poteak dira, eta uretatik irtetzen den taula txiki bat dute. Ttigre eltxo emeek ez dituzte arrautzak uretan erruten —beste espezio ugarik hala egiten dute—, uraren mailatik gora baizik. “Laginak jasota, larbak hauteman dira lagin guneetako batean, Aedes Japonicus eltxo espeziearekin bateragarriak. Larbak laborategira eraman ziren eta eklosiora arte hazi ziren, ondoren teknika estereotiomikroskopikoen bidez identifikatuz”, azaldu du udalak.
Eltxo espezie horren ziztada beste espezie batzuena baino alergenikoagoa izan daitekeela ohartarazi dute, baina nabarmendu dute hiria ez dagoela izurrite arriskuan: “Oso hiritarra ez den eltxo bat da, normalean landa eremuekin lotuta dagoena, egunean zehar ziztadak eragin ditzakeena eta ur metaketa txikietan ugaltzen dena; gizakiak eskaintzen dion ia edozein objektuk haztegi gisa balio diezaioke. Bere ziztada beste eltxo autoktono batzuena baino alergenikoagoa izan daiteke, eta izaera birikoa duten gaixotasun batzuen transmisioan inplikatua egon daiteke, Mendebaldeko Niloko sukarra kasu. Baina ez gaude arrisku egoera batean, zonaldearen ezaugarri ekologikoengatik eta eltxo honen populazio baxuagatik”.
Hala ere, herritarrei prebentzio neurriak hartzeko eskatu die udalak, eltxo horren hazkuntza potentziala minimizatzeko: “Ura metatzen duten objektu irekirik ez edukitzeko, edo ur hori bi edo hiru egunean behin berritzeko, eltxorik egonez gero larba zikloa mozteko. Ziztadak ohikoak ez badira edo intsektu pikatzaileren bat hautematen bada, jar zaitezte harremanetan udaleko Osasun Publikoko eta Animalien Ongizateko Zerbitzuarekin”.