Aste honetan hasiko dira 16-29 urte artekoei txertoa hartzeko ordua ematen
Gotzone Sagarduik Osasun sailburuak jakinarazi du Osakidetzak aste honetan irekiko duela 16-29 urte arteko gazteak txertatzeko atea, eta ostiralean ahalko direla hasi txertoa hartzeko ordua eskatzen (Osakidetzaren webgunearen bidez). Azken asteotan birusa gazteen artean izaten ari den zabalkundea dela eta hartu dute erabakia.
Era berean, adierazi du goragoko adin tarteen txertaketa bukatzen ari direla oraindik, eta txertoak heldu ahala egingo dutela gazteenen txertaketa. “Agendak irekitzeak ez du esan nahi denak astebetean txertatuko ditugunik. Agendak zabalik egongo dira, eta txertaketak egingo dira txertoak ailegatzen diren neurrian”, gaineratu du sailburuak. Hain zuzen, EAEn adin tarte horretako 270.000 pertsona daudela zehaztu du.