Clare Pleuler erdilaria fitxatu du Realak denboraldi berrirako
Realeko lehen taldetik hamar jokalari joan ostean, txuri-urdinek taldea eraberritzeari ekin diote, eta Clare Pleuler Amerikako Estatu Batuetako erdilaria fitxatu dute Tenerifetik. Massachusettsen jaiotako jokalariak bi denboraldi eman ditu Kanariar Uharteetako taldean, eta aurretik Pragako Sparta taldean jokatu zuen, Txekiako ligan. Txekiara iritsi aurretik, Subotikako Spartak taldean ibili zen, Serbiako ligan.
Nazioarteko txapelketetan ibilia da Pleuler; izan ere, Txekiako eta Serbiako taldeetan jokatu zuenean, Txapeldunen Ligan aritu zen. Subotikan zegoenean bost partida jokatu zituen, eta Pragan ibili zenean, bestalde, bi. Tenerifen jokatu zuen lehen denboraldian partida gutxi jokatu zituen, zortzi bakarrik; izan ere, denboraldi erdia jokatu zuen bakarrik. Hala ere, aurten garrantzitsua izan da Tenerifen, ligan 31 partida jokatu baititu, eta sei gol sartu.
2022ko ekainaren 30era arte sinatu du kontratua Pleulerrek Realarekin. Hunkituta dagoela adierazi du, eta erronka berriarekin hasteko irrikitan dagoela gehitu du.