Donostia Kulturak Poltsiko Antzerkiaren hamabigarren proiektu deialdia antolatu du
Formatu txikiko eta laburreko antzerkiaren euskarazko sorkuntza bultzatzea eta antzezlanak ekoizten laguntzea dira proiektu honen helburuak, Poltsiko Antzerki Jaialdiaren programazioaren barruan hautatutako proiektuen emanaldiak antolatzez gain. Izan ere, sorkuntza eta ekoizpen atalak jorratu nahi dira ekimen honen bitartez.
Kategoria orokorra izango da, edozein genero onartuko baita. Soilik Poltsiko Antzerki formaturako egokiak izan beharko dute, edozein espazio mugatutan egokitzeko.
Baldintzei dagokienez, euskarazko maila ona izan beharko dute proiektuek. Bakarka zein taldeka, 16 urte baino gehiago izan beharko dute partaideek. Antzezlanak jatorrizkoak eta estreinatu gabeak izan beharko dute, eta gidoiek ezin izango dute idatzita egon aurretik. Iraupenari dagokionean, 30 eta 70 minutu bitartean iraun beharko dute.
Bi sari mota egongo dira: 1.500€ irabazlearentzat eta 1.200€ finalistarentzat (gordinak eta zergak barne). Hauen hautaketarekin batera entregatuko dira sariak, eta saritutako lanek Poltsiko Antzerki Jaialdian estreinatu eta antzeztu beharko dute. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu. Aukeratutako lanen irabazleek prestutasuna izan behar dute jaialdiaren egunetan. Lau emanaldi horien truke, irabazleak 2.500€ eta finalistak 2.000€ jasoko dituzte.
Epaimahaia hauek osatuko dute: Donostia Kulturako Antzerki eta Dantza eta Antzerki unitateko kide batek, Donostia Kulturako Kultur Ekintzako zerbitzuko hiru kidek, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko bi kidek eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko kide batek.
Hainbat izango dira hautatzeko erabiliko dituzten irizpideak. Horien artean egitasmo artistikoaren originaltasuna, zorroztasuna, bideragarritasuna, espazio mugatuetara egokitzeko gaitasuna, euskara maila ona eta iraupena 30 eta 70 minutu artekoa izatea.
Hautagaitza deialdiaren hasiera atzo izan zen, uztailaren 5ean. Aurkezteko azken epea irailaren 17an izango da, eta aukeraketa urriaren 18ra arte luzatuko da. Ikustaldia, bestalde, Poltsiko Antzerki Jaialdiaren hurrengo edizioan izango da.
Kulturekintza@donostia.eus helbide elektroniko honetara bidali beharko dira proiektuak irailaren 17a baino aurretik. Eskaera inprimakia, proiektu-txostena, eszena baten lagina eta parte hartzaileen curriculuma bidali beharko dira helbide horretara.