55 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Donostian
Azken datuen arabera, Donostiako intzidentzia metatua 273,59koa da, eta gora egin du berriz ere. Intzidentzia altuena Intxaurrondokoa da, eta baxuena Bidebietakoa.
Donostian 55 COVID-19 kasu positibo atzeman zituzten atzo, hilaren 5ean, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera. Horrela, hiriko intzidentzia metatua (azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko atzemandako kasu positiboen proportzioa) 273,59koa da orain. Goranzko joera ez da eten, 246,72koa baitzen atzo. Duela bi asteko ostiralean hasi zen igotzen hiriko intzidentzia, ekainaren 25ean, 87,72koa zenean.
Intzidentzia osasun eremuka
Asteleheneko datuen arabera, intzidentziak gora egin du zortzi osasun eremutan, berdin mantendu da Loiolan eta Parte Zaharrean eta behera egin du Altza-Rotetan. Ondarreta eta Intxaurrondo eremu laranjan sartu ziren atzo, 300eko intzidentzia gaindituta. Bi osasun eremu horiek eremu laranjan jarraitzen dute, eta Aiete ere sartu da gaur. Gainontzekoak eremu horian daude.
- Intxaurrondo: 368,03
- Ondarreta: 358,53
- Aiete: 344,94
- Gros: 273,54
- Loiola: 272,55
- Amara-Erdialdea: 242,38
- Egia: 216,42
- Parte Zaharra: 209,54
- Amara Berri: 187,67
- Altza-Roteta: 153,10
- Bidebieta: 111,00
Kasu positibo kopuruari dagokionez, honakoak dira asteleheneko datuak:
- Ondarreta: 14
- Aiete: 8
- Egia: 8
- Amara Berri: 7
- Gros: 6
- Intxaurrondo: 5
- Amara-Erdialdea: 3
- Loiola: 1
- Bidebieta: 1
- Parte Zaharra: 0
- Altza-Roteta: 0
Indarrean dauden osasun neurriak
Honakoak dira LABI-aren azken bileratik indarrean dauden neurriak:
- Segurtasun distantziak mantentzerik badago, kanpoaldean ez da derrigorrezkoa maskara erabiltzea.
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe. Ostalaritza establezimenduetan, ordea, gehienez sei pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean.
- 02:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan eta antzeko jardueretan %60koa da edukiera, baita terrazetan ere. Ostalaritza establezimenduen barnean %50ekoa da.
- Kirol ekitaldietan, sozialetan eta kulturaletan edukierak 600ekoak izango dira barruan, eta 800ekoak kanpoan. Guztira 1.600 eta 5.000 arteko pertsonako edukiera duten lekuetan, berriz, edukiera 800ekoa izango da gehienez barruan, eta 1.200ekoa kanpoan. Edukiera 5.000 pertsonatik gorakoa duten lekuetan, berriz, gehienezko edukiera %30ekoa izango da.
- Elkarte gastronomikoak eta txokoak ireki ahal izango dira, eta ostalaritzaren neurri berak errespetatu beharko dituzte. Hauen ordutegia 09:00etatik 02:00etara izango da, eta %50eko gehienezko edukiera izango dute.
- Kanpoan, taldean egiten den kirolak ez du pertsona kopuru gehienezkorik, eta barruan gehienez 10 pertsonakoak izango dira taldeak. Aldagelen edukiera %50era handituko da.
- Kanpoko turismo eta natura bisiten taldeak gehienez 20 pertsonakoak izango dira, eta barrukoak 10 pertsonakoak.
Txertaketa prozesua
Osakidetza orain dabil 40 urte baino gutxiago dituzten pertsonei txertatzeko hitzordua ematen, lehen dosia jaso dezaten. Era berean, 12 eta 17 urte arteko ikasleak ikasturtea hasi aurretik txertatzen hasteko baimena eman du EMA Sendagaien Europako Agentziak, eta Eusko Jaurlaritzak gazteen txertaketa aurreratzeko eskatu du.
Bestalde, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta.