The English School Otxoki pasealekura lekualdatzea baimendu du udalak
Donostiako Udalak baimena eman dio The English School hezkuntza zentroari Otxoki pasealekura lekualdatzeko. Adjudikazioak 70 urteko epea du, ezingo da luzatu, eta 23.924 euroko urteko kanona du. Bi urteko epea dute zentro berria eraikitzeko.
Maiatzeko udalbatzarrean Donostiako Udalbatzak behin betiko onartu zuen Baratzategiko Hiri Antolamenduko Plan Berezia, The English Schooli Intxaurrondoko Otxoki pasealekuko 10.000 metro karratuko lursail bat 70 urtez uzteko; EAJk, PSE-EEk eta PPk aldeko botoa eman zuten, EH Bildu abstenitu egin zen eta Elkarrekin Donostiak aurkako botoa eman zuen.
Jose Elosegi hiribidean dago gaur egun The English School, eta, azaldu dutenez, familien kooperatibak hamar urte baino gehiago daramatzate ikastetxea kokatzeko leku berri baten bila, eta 2019an abiatu zuten Intxaurrondoko kiroldegiaren ondoko udalaren lursailaren lagapena jasotzeko prozesua.