Grosen atxilotu dute Murchanteko hilketa matxistaren ustezko egilea
30 orduko bilaketa baten ondoren, Ertzaintzak Donostiako Gros auzoan atxilotu du Pedro Maria Ruiz Jimenez, Murchanteko (Nafarroa) hilketa matxistaren ustezko egilea. Erabiltzen ari zen autoa Oiartzun kalean ikusi dute, eta Pasaia kaleko ile apaindegi batean atxilotu dute gizona, bere itxura fisikoa aldatzen ari zenean. Hainbat patruilak hartu dute parte operazioan.
Gaur goizean Legazpin agertu da bere autoa, eta Ertzaintzak jakin ahal izan du Amarako ostatu batean pasa duela gaua, establezimenduak Polizia Zuzendaritzari bisitarien erregistroa helarazi dionean (hala egin behar dute 24 orduro). Horregatik, susmagarria bilatzeko polizia operazioa abiatu dute Donostian, egunean zehar polizia kontrolak eginez hiriko sarbideetan, besteak beste, Infernuaren inguruan. Gainera, gizonak Ertzaintzaren Seat Leon urdin bat (kalez jantzita joaten diren ertzainek erabiltzen dutenetako bat, errotulatu gabekoa) lapurtu du Lugaritzeko tailer batetik.
Atzo goizean gertatu zen hilketa, Murchanteko futbol zelaiaren parean, NA-6840 errepidean. Gizon batek autoarekin jo zuen emakume baten ibilgailua 10:24ean, eta errepidetik aterarazi zuen. Gizona bere autotik labana batekin atera zen, eta emakumea labankadaz hil zuen. Biktima bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urtekoak—. Emakumeak 43 urte zituen, eta Maria Pilar Berrio Jimenez zuen izena. Gasteizkoa (Araba) zen, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen. Ustezko hiltzailea, aldiz, Zumarragakoa da sortzez.
Elkarretaratze feministak
Hilketaren aurrean, Emakumeen Euskal Herriko Mundu Martxak gertakaria gaitzesteko eta salatzeko elkarretaratzeak antolatu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostiakoa bihar, hilaren 9an, izango da. Bulebarrean elkarretaratuko dira, 19:00etan.