Izostegi pasealekuko zubibidean hobekuntza lanak egingo dituzte
Amara Berri eta Aiete lotzen dituen Izostegi pasealekuko zubibidearen konponketak egingo dituzte. Igandean, hilaren 11n, hasiko dira lanen lehen fasearekin. Errepideko asfaltoa konponduko dute egituraren lotura bakoitzaren bi aldeetan. Egunero ibilgailu asko ibiltzen direnez, lanak gauez egingo dituzte. Aurrekontua 43.832,84 eurokoa da.
Udalak jakinarazi duenez, lanak 22:30ean hasiko dira, egungo asfaltoa fresatuz. Lan horiek erreia txandaka moztuz egingo dira. 00:00etatik aurrera, berriz, azken autobusa igarotzen denean, erabat moztuko da zirkulazioa bi noranzkoetan, eta oinezkoen pasabidearen loturaren fresaketa egingo dute –jaitsieraren noranzkoan–. Zirkulazioa asteleheneko goizeko 7ak baino lehen berrezarriko dute.
Asfaltatze lanen ondoren, uztailaren 19ko eta 26ko asteetan, eta eguraldi lehorrarekin, lanen bigarren fasea egingo dute; loturen konponketa. Lan horiek gehienak eguneko ordutegian egingo dira, eta beste errei batzuk moztuko dira. Nolanahi ere, gau bat beharko dute jaisteko noranzkoko oinezkoen pasabidearen lotura konpontzeko. Une horretan beharrezkoa izango da bidearen jaitsieraren noranzkoa erabat moztea. Egungo loturak altxa, kendu eta sistema berri bat jarriko dute.