Jokalari batzuek izan ezik, Realeko lehen taldeak denboraldi-aurrea prestatzeari ekin dio
Oporren ostean, Realeko lehen eta bigarren taldeak 2021/2022 denboraldia prestatzen hasi dira. Bigarren taldekoak astelehenean hasi ziren, eta lehen taldekoak, berriz gaur. Hala ere, jokalari batzuk beranduago itzuliko dira Donostiara, nazioarteko txapelketetan parte hartu edo hartuko dutelako. Adibidez, Mikel Oiartzabal, Mikel Merino Aeta Martin Zubimendi Olinpiar Jokoetan arituko dira Tokion Espainiako Selekzioarekin, eta Modibo Sagnan, berriz, Frantziarekin. Alexander Isak ere beranduago itzuliko da, Suediarekin jokatu baitzuen Eurokopa. David Silvak ere atzeratu egin du itzulera, arrazoi pertsonalak direla eta.
Aste honetan hiru entrenamendu egingo dituzte: gaur egin dute lehenengoa, eta bihar eta etzi egingo dituzte beste biak. Igandean atsedena hartuko dute.
Prestakuntza fisikoak berebiziko garrantzia izango du denboraldi-aurre honetan. Izan ere, hiru txapelketetan hartuko du parte Realak: Ligan, Kopan, eta Europa Ligan. Bartzelonaren aurka hasiko du denboraldia talde txuri-urdinak, Camp Nou zelaian, abuztuaren 15ean.