Murchanteko hilketa matxistaren ustezko egilearen bila dabiltza Donostian
Ertzaintza Murchanteko (Nafarroa) hilketa matxistaren ustezko egilea bilatzeko operatiboa egiten ari da Donostian, eta polizia kontrolak jarri dituzte hiriko sarbideetan, besteak beste, Infernuan. Hala argitaratu dute hainbat hedabidek, iturri ofizialak aipatuta.
Izan ere, Legazpin agertu da goizean susmagarriaren autoa, eta Donostiako taxi gidari batek adierazi du susmagarriaren deskripzioarekin bat datorren gizonezko bat eraman duela gaur goizean. Haren arabera, oso urduri zegoen gizona, eta beste lekuko batzuen arabera, bigarren eskuko auto bat erosteko asmoa zuen. Era berean, Noticias de Gipuzkoa hedabidearen arabera, Amarako ostatu batean pasa du gaua. Halako establezimenduek bidaiarien erregistro bat izan behar dute, eta Poliziaren Zuzendaritzara bidali behar dute 24 orduko epean; gaur goizean bidali dute atzokoa, eta orduan abiatu du Ertzaintzak operatiboa Donostian. Ostatura joan direnerako, ordea, susmagarria dagoeneko ez zegoen han. Hedabide beraren arabera, gizonak Seat urdin bat lapurtu du Lugaritzko tailer batetik; autoa, gainera, kalez jantzita joaten diren ertzainen patruila bat da. Ibilgailu horrekin ihes egin nahi duela uste du poliziak, baina oraindik ez dakite hiritik atera den.
Atzo goizean gertatu zen hilketa, Murchanteko futbol zelaiaren parean, NA-6840 errepidean. Gizon batek autoarekin jo zuen emakume baten ibilgailua 10:24ean, eta errepidetik aterarazi zuen. Gizona bere autotik labana batekin atera zen, eta emakumea labankadaz hil zuen. Biktima bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urtekoak—. Emakumeak 43 urte zituen, eta Maria Pilar Berrio Jimenez zuen izena. Gasteizkoa (Araba) zen, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen. Ustezko hiltzailea, aldiz, Zumarragakoa da sortzez.
Elkarretaratze feministak
Hilketaren aurrean, Emakumeen Euskal Herriko Mundu Martxak gertakaria gaitzesteko eta salatzeko elkarretaratzeak antolatu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Donostiakoa bihar, hilaren 9an, izango da. Bulebarrean elkarretaratuko dira, 19:00etan.