Porrontxoetan kultur jarduerak egingo dituzte
Egiako kuadrillek batzarra egin zuten atzo, hilaren 7an, aurten Porrontxoak antolatuko dituzten edo ez erabakitzeko. Iaz, jarduera sinboliko bakan batzuk baino ez zituzten egin, baina jai batzordeko Txomin Campok azaldu duenez, irailerako (hirugarren asteburuan izan ohi dira Porrontxo jaiak) pandemiaren bilakaera “egoera hobean” egongo dela aurreikusita, aurten “auzoko gune bat hartzea” erabaki dute, eta kuadrilla gehienak alde agertu ziren batzarrean. Izan ere, auzoak Porrontxoak behar dituela deritzote: “Auzo hau ez da gauza bera Porrontxorik gabe”, azpimarratu du Campok.
Horrela, Donostiako Udalak ezarritako protokoloa jarraituz, aurtengo Porrontxoak ez dira jaiak izango, eta ez diete hala deituko, soilik “Porrontxoak”. Horrez gain, koronabirusaren kutsatzea saihesteko segurtasun neurri guztiak hartuko dituzte. Oraindik ez daukate argi zer antolatuko duten zehazki, baina Campok aurreratu du “kultur jarduerak” izango direla.