Amara Berriko gazteak antolatzen ari dira, eta auzoko gazte asanblada sortuko dute
Amara Berriko gazteek elkartzeko eta antolatzeko beharra ikusi dute, eta auzoko gazte asanblada sortuko dutela iragarri dute. “Egoera latz baten aurrean gaude gazte langileok. Urteetan zehar gorpuzten joan den krisi kapitalistak pandemiarekin batera egin du eztanda, gure egoera orokorra okertuz, bai lan esparruan zein esparru sozialean”, azaldu dute Amara Berrikoek, eta gaineratu dute auzoan ez daukatela gazteak batzen dituen komunitaterik.
“Egoera honi irtenbidea emateko, gure aukera bakarra antolatzea eta borrokatzea da, krisi (eta sistema) kapitalistari kontrajarriko zaizkion antolaketa eredu berriak mahaigaineratuz eta bazter guztietara zabalduz, gure auzora barne”. Gazte asanbladaren oinarriak “auzoko gazte ahalik eta gehienen artean” eztabaida bidez finkatu behar dituztela nabarmendu dute, eta, horregatik, abiapuntu gisa, jardunaldi batzuk antolatu dituzte hilaren 15ean eta 22an.
Hain zuzen, Ferrerias plazako patioan elkartuko dira hilaren 15ean, eta Amara Berriko gazteon egoera eta antolakuntzarako aukerak hitzaldia eskainiko dute, 18:30ean. Ondoren, bertso saio bat egingo dute, Asier Ibarguren, Maide Garmendia, Bittor Altube eta Aitor Tatiegi bertsolariekin.
Hilaren 22an, aldiz, Egiako gazteen esperientzia izango dute aztergai, Nola antolatu gaitezke? hitzaldiarekin. Aurrekoaren leku eta ordu berean izango da. Ondoren, kontzertu akustiko bat egongo da.