Bertso saioa egingo dute Groseko Zipotzetan
Groseko Zipotz jaietakoek egoerara egokitutako ez-jaiak ospatzeko prestatzen jarraitzen dute, eta antolatu duten beste jarduera bat iragarri berri dute: bertso saioa. Hilaren 18an izango da, Katalunia plazan, 18:30ean.
Sei bertsolari arituko dira saioan, hiru bikotetan banatuta: alde batetik, Iñaki Apalategi eta Jon Martin aurrez aurre arituko dira; bestetik, Onintza Enbeita eta Joanes Illarregi; eta, bestetik, Oneka Arteaga eta Maialen Lujanbio.
Edukiera mugatua izango da, eta txartelak erreserbatu egin behar dira, hilaren 16a baino lehen grosekojaiak@gmail.com helbidera idatzita, izena eta txartel kopurua adierazita. Txartelek 5 euroko prezioa dute, eta 3 eurokoa baserritarrez jantzita joanez gero. Egunean bertan jaso eta ordaindu beharko dira txartelak, gunearen sarreran, 18:00etatik aurrera.
Zipotzetakoak pixkanaka ari dira ez-jaietako jarduerak iragartzen, eta dagoeneko pala eta esku pilota txapelketa, marmitako lehiaketa eta haurrentzako jarduerak iragarri dituzte.