Denboraldi bikain bat egin ostean, berregiteko ordua da
Realeko nesken lehen taldeak bere historia laburreko denboraldi onenetarikoa egin du aurten. Ez du, 2019an bezala, titulurik irabazi, baina ligan inoizko postu onenean geratu dira: bosgarren. Hala ere, datorren denboraldiari begira, kirol zuzendaritzak taldea berrosatzeko beharra du, hamar jokalari garrantzitsuk taldea utzi baitute.
Realeko nesken taldearentzat historiarako denboraldia izan da amaitu berri dena. Taldea sortu zenetik, 2004. urtetik, postu onenean amaitu dute Ligan, bosgarren. Azken denboraldietan nabarmen egin du hobera taldeak, sailkapeneko goiko postuetan egonkortzen ari baitira, eta 2018/2019 denboraldian irabazitako Erreginaren Kopa da horren erakusgarri.
Emaitza hauek, hein handi batean, harrobitik eta Euskal Herriko talde txikietatik ateratako jokalari sorta on bati esker lortu dira. Besteak beste, Nahikari Garcia, Nerea Eizagirre, Itxaso Uriarte, Leire Baños, Iraia Iparragirre, Elene Lete, Ane Etxezarreta, Adriana Nanclares, Olatz Santana eta Cecilia Marcosi esker. Hala ere, fitxaketa estrategiko batzuk ere egin ditu Realak azken urteetan, eta errendimendu ona izan dute; hala nola, Kiana Palacios, Sanni Franssi, Amaiur Sarriegi, Maddi Torre, Barbara Latorre, Gema Gili eta Mariasun Quiñones.
Denboraldi honen ostean, baina, urte hauetan Realean aritu diren hamar jokalarik talde txuri-urdina uztea erabaki dute kontratua amaitu ostean. Hauek dira taldea utzi dutenak: Itxaso Uriarte, Nahikari Garcia, Leire Baños, Mariasun Quiñones, Nuria Mendoza, Manu Lareo, Kiana Palacios, Barbara Latorre, Lucia Rodriguez eta Maitane Lopez. Ez Realak eta ez jokalariek, ez dute taldetik joatearen gaineko arrazoirik eman. Hala ere, arraroa da bat-batean talde bateko hamar jokalarik kontratua ez berritzea erabakitzea.
Taldea utzi duten jokalari hauetako asko oso garrantzitsuak izan dira lortu diren garaipenak erdiesteko, eta Realaren kirol zuzendaritzak erronka polita du orain taldea eraberritu eta sailkapenaren goiko partean jarraitzeko. Espainiako Ligako beste talde batzuetatik ere jokalari garrantzitsuak joan dira. Sevillatik, esaterako, zortzi jokalari joan dira, bi kapitain barne. Tenerifetik ere lau jokalari joan dira une berean.
Joandakoen etorkizuna
Taldea utzi duten jokalari batzuek aurkitu dute jada datorren denboraldirako taldea; beste batzuek, ordea, oraindik ez dute garbi haien etorkizuna. Hedabide honen edizioa ixterakoan, hamar jokalarietako zortzik talde berria zuten. Levantek Nuria Mendoza eta Leire Baños fitxatu ditu, eta Athleticek, berriz, Itxaso Uriarte eta Mariasun Quiñones. Maitane Lopez gaztea, Nahikari Garcia eta Lucia Rodriguez Madrilen ibiliko dira datorren denboraldian: lehena Atletiko Madrilen, eta azken biak Real Madrilen. Kiana Palacios bere sorterrira itzuli da, Mexiko Hiriko Club Americarekin jokatzera.
Fitxaketa berriak
Egoera honi aurre egiteko, Realeko kirol zuzendaritza hasi da fitxaketak egiten, baita taldeko jokalari batzuen kontratuak berritzen ere. Maddi Torrek, adibidez, 2022ra arte luzatu du kontratua talde txuri-urdinarekin. Bestalde, lehen fitxaketa egin du jada Realak: Clare Pleuler estatubatuarra.
Bostongo Unibertsitatean hasi zuen ibilbide profesionala Pleulerrek, eta handik Europara etorri zen, Suediako Billdal eskualdeko Hovas taldean jokatzera. Ondoren, herrialde bereko Skovde KIK taldera joan zen. Suediatik Serbiara joan zen, Subotica hiriko Spartak taldean jokatzera, eta Serbiako Liga irabazi zuen, 2018/2019. denboraldian. Hala ere, denboraldi horren erdian Israelgo Ramat Hasharon taldera joan behar izan zuen, eta hurrengo udan Pragako Sparta taldeak fitxatu zuen. Hor ere denboraldi erdia egin zuen, eta handik Tenerifera joan zen, udara honetara arte. Txapeldunen Ligan zazpi partida jokatu ditu Pleulerrek: bost Suboticako Spartakekin, eta bi Pragako Spartarekin.