Donostia eta Astigarraga lotzen dituen Ergobiako pasabidea datorren astean irekiko dute
Datorren astean irekiko dute Madril-Irun trenbidea gainetik pasatzeko Ergobiako pasabidea. Astigarraga eta Donostiako Okendotegi bidea lotuko ditu. Zubibide hori puntu horretan dagoen trenbide pasagunea kentzeko eraiki da. Lanengatik oinezkoentzako behin-behineko pasabide bat jarri zuten, eta dagoeneko kentzen hasi dira.
‘Euskal Y’-aren Hernani-Astigarraga tarteko –2,4 kilometroko luzera dute– obren barruan dago aipaturiko pasabidea, eta abiadura handiko trena Donostiara iristeko azpiegitura da. Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoa da, eta Euskal Trenbidea Sarearen (ETS) bidez kudeatzen du. 2012an hasi zituzten lanak, eta jatorrizko proiektuan zenbait aldaketa egin zirenean adjudikaturiko kontratua bertan behera utzi zuten. Proiektu berria 2019ko udan adjudikatu zuten, eta lanak urte horren bukaeran berrabiarazi zituzten. Hain zuzen ere, lan hauengatik otsaila bukaeran eraitsi zuten Okendotegiko Erbetegi etxea.
Astelehenean irekiko dituzte espaloiak oinezkoentzako pasabidean, behin-behineko pasabidea desmuntatzeko lanak hasi baitira dagoeneko. Aldiz, asteartean irekiko dira errei bakoitzean hiru metroko zabalera duen galtzadaren bi noranzkoak. Era berean, trenbidetik hurbilen dauden puntuetan eta horren gaineko bidegurutzean pantailak jarri dira trenbideak babesteko. Zubibidearen gainerakoak baranda bat du, eta 30 metrotik behin bakuluen bitartez argituta dago.
Okendotegiko bizilagunak
Ergobiako trenbide pasagunea kendu denez, gaineko pasabidea irekitzea segurtasunerako “mugarri garrantzitsua” izango dela adierazi du ETSk. Bereziki, Martuteneko Okendotegi bideko bizilagunentzat. “ETSk bilerak egin ditu aldizka Martutene-Sarroeta auzo-elkartearekin, ondorioak murrizten saiatzeko”.