'Donostiako Berdea' argitaratu dute, hiriko berdeguneez gozatzeko gida
Donostiako Udaleko Ekologia zinegotzigoak eta Cristina Enea Fundazioak Donostiako Berdea gidaliburua argitaratu dute, hiriko lorategiak eta parkeak ezagutarazteko. “Argitalpen honek Donostiak dituen altxor berdeei buruzko informazio eguneratua eta praktikoa eman nahi du, edukiari, ondareari, aktibo naturalei eta horietako bakoitzean erabiltzeko aukerei buruzko datuekin”, azaldu dute udalak eta fundazioak. “Bertakoek eta bisitariek Donostiak duen aberastasun naturalaren ikuspegi osoa izan dezaten nahi dugu, informazio zehatzarekin, irudiekin, planoekin eta, batez ere, gure hiriak harro egoteko moduko parke eta lorategi sare zabala duelako benetako sentsazioarekin”, gaineratu du Marisol Garmendiak, Ekologia zinegotziak.
Alex Iturralde eta Xabier Ubedaren dozenaka argazki biltzen ditu argitalpenak, eta hiriko hainbat lorategi eta pasealeku lotzen dituzten hamar ibilbide osatu dituzte, baita parke esanguratsuenen barruan egiteko batzuk ere, landareria, fauna, historia eta kultur ondareari buruzko xehetasun asko ezagutzeko aukera emanez. Parke historikoen moduko gune batzuk asko bisitatzen dituzte herritarrek, beraz, informazio berria edo ezezaguna ematen saiatu gara argitalpenarekin. Beste batzuk ez dira hain ezagunak herritarrentzat, hori dela eta, zer eskaintzen duten azaltzeaz gain, informazio praktikoa ematen dute bertara iristeko moduari buruz, zer garraio publiko har daitekeen, bizikletaz sar daitekeen eta aparkalekurik dagoen, edateko uraren iturriak dituen, irekitzeko eta ixteko ordutegiak, eta abar”, azaldu du Cristina Enea Fundazioko zuzendari Txema Hernandezek.
Gidaliburua 10 euroren truk eskuratu daiteke, hiriko turismo bulegoetan eta Egiako parkearen sarrerako zaindariaren etxe zaharreko informazio gunean. Irailaren 5era arte egongo da irekita; ostegunetan eta ostiraletan 16:30etik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan 11:30etik 14:00 eta 17:00etatik 20:00etara.