Elkarrekin Donostiak udal gobernuaren ingurumen politika kritikatu du
Donostiako Udal Gobernuak ingurumenarekiko duen “sentsibilitate eta errespetu falta” salatu du Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik. “Joan den legegintzaldiaz geroztik udalak egindako jarduerek agerian utzi dute gobernu honek ez duela ingurumenarekiko sentsibilitaterik, eta, zoritxarrez, gaur egun egiten ari diren proiektuek arriskuan jartzen ari dira hiriko hainbat eremu natural eta ekosistema”.
Belartza, Lourdes Txiki, Santa Klara eta Antondegi eremuetan egindako ingurumen politika kritikatu du Garaik: “Urteak daramatzagu salatzen Belartzako legez kanpoko harri pilaketak eta Lourdes Txikiko zuhaitz mozketak, eremu horiek leheneratzeko eskatzen, eta, aldiz, ingurumenaren aurkako erasoak zabaltzen ari dira. Santa Klara uharteko esku-hartzea eta Antondegiko olatu artifizialen azpiegitura dira adibide nabarmenenak. Halere, ez dira kaltetutako edo arriskuan dauden inguru bakarrak”.
Ingurumen inpaktua murrizteko premiazko neurriak hartu behar direla uste du Elkarrekin Donostian. Hori dela eta, datorren asteleheneko batzordeetan uharteko Ingurumena Zaintzeko Planaren jarraipen egokia egitea proposatuko dute. “Maiatzaren 20an obretako materialak erretzeak hegazti kumeak itotzea eragin zuen. Obrako hondakinak behar bezala kudeatu ez zirela erakusten du. Bestalde, Urumea ibaian, Martutene parean, errepikatzen diren isurketa kutsagarrien gaineko kontrola ez da behar bezala kudeatzen ari”, azaldu du Garaik. Bestelako ingurumen aferen inguruan galdetuko dute batzordeetan. Hala nola, San Bartolome muinoan bizi diren hegaztiak, Antondegiko proiektuaren ondorioak, eta Gipuzkoa plazako beltxarga emearen egoera.