Hesi gehiago eta espazio publiko gutxiago
Kaiko bizilagunak haserre daude, iaz gertatu zen moduan Eusko Jaurlaritzak arrapala itxi baitu, eta, orain, ikastaroak ematen dituztenek eta bestelako ontziek erabili dezakete soilik. Eremu hori, ordea, kaiko zein Donostiako beste edozein auzotako herritarren aisialdirako gunea izan da betidanik. Horregatik, kaikoek nabarmendu dute arrapala espazio publikoa dela eta ikastaroen eta herritarren arteko elkarbizitza bermatu behar dela.
Itsasontziak hegaluzearen kanpainan sartuta zeuden bete-betean eta familiek eta gainerako bizilagunek kaiaz eskalako hiri txiki bat izango balira bezala gozatzen zuten. Tornozuloa, sotoen eremua eta arranpla bat-bateko hondartza eta bainugune bihurtzen ziren eta bertakoek nahiz bisitariek gozatzen zituzten, Kontxako hondartzako zaratatik eta pilaketatik urrun. Mutikorik bizkorrenek uretan txakurtxoaren jokoa egiten zuten turistak erakartzeko, litxarreria altxor txikiak lortzeko sarrera iturri handia baitziren». Hala deskribatzen ditu Iñigo Puerta kazetariak 1980ko hamarkadako kaiko udak, Donostia, itsas hiria liburuan (2008). Edozein donostiarren iruditerian dago Puertak deskribatutakoa, duela gutxi arte, hori baitzen kaitik pasatzerakoan ikusten eta arnasten zen giroa. Pixkanaka, ordea, hori aldatzen joan da: arrantza ia erabat desagertu da, bainua debekatuta dago, eta dagoeneko ez dago txakur txikiaren jolasik (Donostia, itsas hiria liburuan, txakurtxoren jokoa. Gaztelaniaz perrita al agua esaten diote). Bainua debekatuta egonda ere, Puertak dioen moduan, arrapalak denbora pasatzeko «bat-bateko hondartza» izaten jarraitu du, kaiko bizilagunek, gainontzeko donostiarrek eta bisitariek aisialdirako erabili izan baitute orain arte. Hori ere, ordea, bukatu egin da momentuz, arrapala itxi egin dutelako.
Itxiera ekainaren hasieran egin zutela azaldu du Amagoia Lopez bizilagunak: «Selektibitatea bukatu zeneko asteburu zaratatsuaren ondoren, astelehenen arratsaldean, arrapalan familia batzuk zeuden, baina ez zegoen ikastarorik ezta jende pilaketarik ere. Ordea, bi ertzain patruila etorri ziren kaiko segurtasun langileekin, eta familiak arrapalatik bota zituzten». Hurrengo egunerako, arrapalaren ingurua hesituta zegoela kontatu du Lopezek: «Gure seme-alabak eskolatik atera zirenean, hemendik gelditu ziren beti bezala, eta berriz etorri ziren ertzainak eta segurtasun langileak. Bizilagunak oso haserre jaitsi ginen, baina segurtasunekoek zioten arrapala itxi egin behar zela, segurtasunagatik. Eztabaida izan genuen beraiekin eta ertzainekin, eta galdetu genien ea nola zen posible hamar haur arrapalatik botatzeko etortzea, baina aurreko asteburuan goizeko hiruetan zegoen zaratarekin eta gure dei guztiekin honaino inor etorri ez izana». Hurrengo egunerako, arrapala hesiekin erabat itxita zegoen, eta Eusko Jaurlaritzak kaiaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku dago jarri duen kartelak dioenez, «ontziak ontziratzea eta lehorreratzea» baino ez dago baimenduta gune publiko horretan.
Horrela, Klub Nautikokoak dira arrapala erabiltzen ari diren ia bakarrak, bela, piragua eta bestelako ikastaroetako ontziak itsasoratzeko eta lehorreratzeko. «Pribatizatu egin dute. Ordaintzen duenak baino ezin du erabili leku publiko hau. Nik ulertzen dut ikastaro asko daudela, eta masifikatuta dagoela, baina Donostia guztia dago masifikatuta, eta ez dira espazio publiko guztiak ixten horregatik», salatu du Lopezek. Gainera, obretarako erabili ohi diren hesiekin itxi dute arrapala, eta Lopezen ustez «ez da batere egokia». Izan ere, azaldu duenez, «enbatak etortzen direnean erortzen dira, eta arriskutsuak dira». Horrez gain, kaiko estetikarekin bat egiten ez dutela ere azpimarratu du: «Pasealeku Berritik jaistea eta hesi narras hori ikustea… Zein herritako kaitan dago horrelako zerbait?».
Donostiar askok erabili izan dute betidanik arrapala bainatzeko, eguzkia hartzeko edo lagun artean egoteko, baina, bereziki, kaikoentzako gune berezia da: «Bainatzea debekatuta egonda ere, arrapalak bizitza handia dauka bizilagunontzat», azaldu du Lopezek, eta zera gaineratu du: «Udako gauetan ogitartekoarekin arrapalara jaisteko ohitura handia izan dugu betidanik, eta giro polita sortzen zen: kuadrilla batzuk elkartzen ginen, haurrak arrapalan gora eta behera ibiltzen ziren inolako arriskurik gabe, eta abar. Orain ezin dugu hori egin, eta badirudi batzuei molestatzen diela herritarrak hemen ibiltzeak. Gure egunerokotasuna moztu digute».
Haatik, ikastaroetako irakasleek eta ikasleek ez ezik, euren senideek ere arrapala erabiltzen dutela salatu du kaikoak: «Ikastaroak egitera datozenak soilik sartu daitezke, baina ikastaroetako haurren senideak ere han ibiltzen dira gora eta behera. Are gehiago, azken astean ikusi izan ditugu pertsona batzuk paddle surfeko taulekin eta arrapalan garagardoak edaten. Ordea, gu gaizkileak izango bagina bezala sentitzen gara hara sartzen bagara». Hala ere, Lopezek argitu du bizilagunak ez daudela ikastaroen aurka, herritarrek kaiko espazio publiko hori erabili ezin izanaren aurka baizik: «Beti egon da ikastaroetakoen eta herritarron arteko elkarbizitza, eta ez da posible azkenaldian ikastaro kopurua handitu izanagatik arrapala soilik beraientzako izatea». Marian Baqueriza ere kaian bizi da, eta gogoratu du garai batean beste arrapala txikiago bat zegoela gaur egun Klub Nautikoko ontziak dauden lekuan, Kaiko pasealekuan: «Arrapala hori duela 20 bat urte itxi zuten. Lurra jarri zuten gainean, eta hor daude gaur egun Klub Nautikoko ontziak. Hau da, dirua baldin badaukazu espazio publikoa erabili dezakezu. Ordea, eremu hori ere pribatizatu izan ez balute, gaur egun ez genuke arazo hau izango, ontziak itsasoratzeko eta lehorreratzeko erabili ahalko luketeelako». Irtenbideren bat bilatu behar dela nabarmendu du: «Ez nago ikastaroen aurka, beti egon direlako, baina denok daukagu arrapalaz gozatzeko eskubidea». Lopezek elkarbizitza bermatzeko neurriak proposatu ditu: «Arrapala erdia ikastaroentzako eta beste erdia herritarrentzako utzi dezatela, eta 18:00etatik aurrera, ikastaroak ez daudenean, erabat ireki dezatela, adibidez».
Bazar Aquarium saltokia arrapalaren aurrean dago, eta ia 40 urte daramatza han Itxaso Suarez arduradunak. Lopezen eta Baquerizaren ildo beretik jo du: «Ikastaroak beti egon dira, eta hala izan behar du, baina elkarbizitza bat behar dugu. Erakundeen ardura da kaiaren erabilera arautzea, ahalbidetzeko denok izatea kaiaz gozatzeko aukera. Irtenbide bat bilatu behar da, irtenbidea ez delako arrapala ixtea. Bat-batean Kontxa itxiko balute bezala da: ez litzateke bidezkoa izango». Gunearen itxierak komertzialki eragiten diola aitortu du, baina nabarmendu du lehentasuna ez dela hori izan behar: «Arrapala ez da ireki behar nik gehiago saltzeko, itsasorako sarbide publiko bat herritarrentzako itxita egotea ondo ez dagoelako baizik. Ni turismotik bizi naiz, baina ez dut uste turismoarengatik edozer gauza egin behar denik. Nire etxea ondo egotea nahi dut, eta etorri nahi duena etor dadila. Baina ez dut nire etxea horregatik aldatuko». Ildo horretatik, hausnarketarako bidea ireki du Suarezek: «Bisitarientzako kai polit bat egiten ari dira, baina ez hemen bizi direnentzat. Norentzako ari dira egiten kaiko kudeaketa?».
Iaz ere itxi zuten
Aurtengoa ez da arrapala ixten duten lehenengo uda, iaz ere gauza bera egin baitzuen Eusko Jaurlaritzak. Uztailean itxi zituzten arrapala eta Nautikoko eskailerak, pandemia egoera zela eta, jende pilaketak saihesteko. Bizilagunek Kaia Bizirik plataforma sortu zuten, eta kaiaren erabilera herritarraren aldeko sinadurak bildu zituzten, baita mobilizazio batzuk egin ere. Azkenean, Jaurlaritzako ordezkariekin bildu ziren, eta Lopezen arabera, ziurtatu zieten itxiera pandemiagatik izan zela, eta ez arrapalaren erabilera pribatizatzeko. «Urrian hemen jarraitzen zuten hesiek, eta gauero alde batetik bestera ibiltzen ziren eta erori egiten ziren, ekaitzengatik. Arriskutsua zen, eta Jaurlaritzara joan behar izan genuen berriz, kentzeko eskatzera».
Aurtengo kartelak, aldiz, ez du pandemia egoera aipatzen, eta Baquerizak salatu du abisatu gabe itxi dutela gunea: «Euren kabuz hartzen dituzte erabakiak». Horrela, Lopezek kontatu du bizilagun askok Jaurlaritzara deitu dutela hesiak kentzeko eskatuz, baina arrapala «segurtasunagatik» itxi dutela erantzun diete. «Horregatik, alkatearekin bilera bat izan genuen duela gutxi, eta gure kexen berri eman genion. Esan zigun udalari ere ez zitzaiola asko gustatzen arrapala horrela egotea, eta bilera bat eskatuko zietela Jaurlaritzakoei», azpimarratu du Lopezek.
Gero eta espazio erabilgarri gutxiago
Kaiko espazio publikoaren arazoa ez da berria, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak kaia «elitizatzen» ari direla salatu izan baitu hainbatetan, eta Auzoa Berreskuratu eguna antolatu izan dute 2017ko, 2018ko eta 2019ko udetan, kaiaren erabilera herritarra aldarrikatzeko.
Hain zuzen, kaian bainatzea duela urte batzuk debekatu zuten, eta orain ezin da ezta eskaileretan egon ere, gehienak itxi egin baitituzte azkenaldian: «Itsasorako sarrera guztiak itxi dizkigute, batzuk giltzadun ateekin eta beste batzuk barandak jarrita», dio Lopezek. Hain zuzen, Kaiko pasealekuan eskailera batzuk irekita daude, baina ez herritarrek erabiltzeko, Ciudad de San Sebastian katamaranera eta irlako ontzietara sartzeko baizik. «Tornozulokoa da erabat irekita dagoen eskailera bakarra, eta ez du kaira ematen, badiara baizik», azpimarratu du bizilagunak.
Eskaileren erabileraz gain, kai muturren erabilera ere mugatu dutela salatu du: «Mollaerdiko muturra aspaldi itxi zuten EKP-koek, eta beraiek baino ezin dute erabili. Beste bi muturretan, aldiz, orain barandak jarri dituzte bukaeran. Beti egon izan gara muturretan hankak zintzilik eserita, baina orain jarri dizkiguten baranda hauekin hori ere ezin dugu egin». Gauza batzuk debekatzea, ordea, ulergarria iruditzen zaiola gaineratu du Lopezek: «Txakur txikiaren jolasa, esaterako, oso narrastuta zegoen azken urteotan: auzokoa ez zen jendea etortzen zen, eta modu txarrean eskatzen zuten dirua. Ulertu dezaket, baita ere, muturretatik botatzea debekatzea, baina eskailerak ere itxi behar dira? Arrantzari dagokionez, ertzainak etorri izan dira 10 urteko mutikoak arrantzan egoteagatik».
Horregatik guztiagatik, arrapala kaikoentzako zein kanpokoentzako espazio publiko garrantzitsua dela nabarmendu du Lopezek: «Uda gozatzeko garai bat da, eta etxe azpian daukadan espazio publikoan gozatzeko eskubidea daukat. Gainera, kaia ez da soilik auzokoontzako gune bat, donostiar guztiok erabiltzeko da».