Hollywood ez da Washington Heights

In the Heights
Zuzendaria: Jon M. Chu.
Urtea: 2021.
Herrialdea: Amerikako Estatu Batuak.
Hamilton eta In the Heights musikalak idatzi, antzeztu eta zuzentzeagatik Tony sari ugari eta Pulitzer bat irabazi ondoren, ez dago Lin-Manuel Mirandaren arrakasta zalantzan jartzerik. Jon M. Chu-ren eskutik datorkigun In the Heights lanaren zinema moldaketan ere islatzen dira Mirandaren lorpenak. AEBetako komunitate latinoaren industriaren eszena hegemonikoan kokatzen du musikala, pertsonaia hispano-amerikarren eguneroko gatazkak erakutsiz, musika latino eta genero undergrounden erritmora. Istorioak Washington Heights auzune xumeko hiru gazteren gorabeherak jarraitzen ditu gertutik: Puerto Ricora bueltatzeko Usnaviren (Anthony Ramos) ametsa; Nina Rosariok (Leslie Grace) unibertsitatean jasan behar duen arrazakeria; eta Vanessak (Melissa Barrera) modaren munduan sartzeko dituen zailtasun ekonomikoak. Hori guztia Mirandak konposatutako freestyle birtuosoekin, batxata, salsa, eta b-boy dominikarren dantzekin batera.
En un barrio de Nueva York izendatu dute filma gazteleraz. Itzulpena engainagarria gerta daiteke, ordea, New Yorkeko beste auzo batetik irten baitzen Mirandaren musikala, (horren xumea ez den) Broadwaytik hain zuzen. M. Chu-ren filma are gehiago urrundu da Washington Heightsetik, eta nahiz eta bertan filmatuta egon, Los Angelesko Hollywood auzoaren estanpa darama fotograma guztietan. Aski antzematen da Chu-k auzoari xarma emateko erabiltzen duen etalonaje koloretsuen artifizioa, baita autotune-aren filtroa ere salsa eta son kubatarretan. Bestalde, pertsonaien rap azkarrei jarraitzeko saiakeran, muntaiaren erritmo geldiezinak egungo pop edota reggaeton bideoklip kaotikoen itxura ematen dio filmari. Oro har, «el barrio»-ko benetakotasuna antzemateko bilaketan kateatzen da pelikula. Baina ez da batere harritzekoa, azken finean, 55 milioi dolarrekin pobreziari egindako alegatu bat izan nahi duen filmaren aurrean baikaude.
Onartu beharra dago istorioak buelta ematen diola Hollywoodek jorratzen lagundu duen Amerikako Estatu Batuen sortze-mito klasikoari. New York ez da jada etorkinen leku idilikoa. Horren ordez, pertsonaiek AEBetan bertan aurkitzen dituzten zailtasunak erakusten ditu filmak: lan baldintza penagarriak, elektrizitate falta, arrazakeria… Hala ere, badirudi Broadway eta Hollywooden nortasunean dagoela amets idilikoen beharra, eta herrialde latindarrak idealizatzen dituen mito berri bat izkutatzen du bilbeak. Hala, Dominikara bueltatzeko irrikaz da Usnavi protagonista (bertan igaro baitzituen «bere bizitzako urterik onenak»); bestalde, «abuela» deitzen dioten andre kubatarrari ere gaitz guztiak New Yorkera heldutakoan hasi omen zitzaizkion.
Tamalez, Miranda ez da gauza latinoen eskubideen defentsa burutzeko, horien jaioterriak idealizatu gabe. Azken finean, haurtzaroko oroitzapenetan bestetan ez dira oinarritzen pertsonaien ametsak. Agian Mirandak berak ere idealizatuta dauka Washington Heightsen pasatu zuen haurtzaroa, eta nola ez, iraganeko ametsak berpizteko fantasia faktoria paregabea da Hollywood. Baina nahiz eta amets horiek pantaila handian erreproduzitu, haurtzaroko urteak ez dira inoiz bueltatuko, eta Hollywood ez da inoiz Washington Heights izango.