Ikuslerik gabeko Olinpiar Jokoetarako prest daude kirolari donostiarrak
Bi aste geratzen dira Tokioko Olinpiar Jokoak hasteko, eta Donostiako hautatuak prest daude munduko kirol ekitaldi nagusira joateko. Olinpiar Jokoen antolatzaileek kirol ekitaldiak ikuslerik gabe egitea erabaki zuen atzo, koronabirus kasuen gorakada dela eta.
Ur bizietako priaguismoan, Donostiako Atletikoko Maialen Chourraut lasarteoriartarrak hartuko du parte txapeleketan, K1 kategorian; azken Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Chourrautek. Futbolean, Martin Zubimendi donostiarra Espainiako Selekzioarekin arituko da, Mikel Oiartzabal eta Mikel Merinorekin batera. Kirol berean, Realeko Modibo Sagnan Frantziako Selekzioarekin arituko da.
Badmintonean, Carolina Marin andaluziarraren lesioaren ostean, Clara Azurmendi donostiarra joango da Japoniara; IRUTXULOKO HITZArekin izan zuen elkarrizketan “ikasteko eta gozatzeko helburua” duela adierazi zuen Groseko kirolariak. Bestalde, Realeko Odei Jainaga xabalina jaurtitzaile eibartarra Tokion izango da; sareetan adierazi duenaren arabera, denboraldi zaila izan da Jainagarentzat, lesioak direla eta.
Paralinpiar Jokoetan, bi igerilari donostiar egongo dira Tokion: Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire. IRUTXULOKO HITZAk bi kirolariekin hitz egin du azken hilabeteetan, eta konfinamenduak biei on egin diela adierazi dute. Llopisen kasuan, elikadura hobetzen lagundu ziola dio. Bestalde, Nahia Zudairek presio handia zuen itxialdiaren aurretik, eta jokoak urtebetez atzeratu izanak asko lasaitu zuela gehitu zuen.