Lehentasunak, biodibertsitatea noizko?
Udal gobernuak beti premiazko lanak aipatzen ditu, azpiegiturei eta ekonomiaren sustapenari lehentasuna emanez. Gelditzen zaigun naturaren apurra eta hari lotutako biodibertsitatea, ezinbestekoak izanik, noiz ezarriko dituzte lehentasunak? Belartza Goikoa eta Antondegi gerriko berdean sartzea litzateke abiapuntua.
Maiatzean biodibertsitatearen eguna ospatzearekin batera hura aldarrikatu genuen, behar bezala balioztatzeko eskatuz. Gu, gizakiok, haren parte izan ez ezik hari esker existitzen gara eta bizirik irauten dugu, nahiz eta maiz ahaztu egiten garen. Arnasten dugun airearen konposizioak berak prozesu biologikoen eragin zuzena du, hor daude ere uraren zikloak, lurzoruen sorrera… Pandemiak agerian utzi du gure ahultasuna eta espezieen arteko lotura. Geuk sortutako klima aldaketak prozesuen arteko harremanak eta globalizazioaren ifrentzua ezagutzeko balio izan digu. Gure ekintzek, gure jarduerek urrutira ere ondorio negatiboak eragin ditzakete, dena elkarri eta estu lotuta baitago. Esan bezala, gure bizia ez bada, bizimodua behintzat jokoan dugun honetan eta zer galdu ugari dugun honetan (ahaztu gabe biodibertsitatea honezkero erruz galtzen ari dela), non jartzen ditugu gure lehentasunak?
Antondegi berdea, olatuak itsasoan
Aipatu ditugu ingurumen arazo larriak. Gehiago egon badaude, batzuk aipaturiko horien ondorioz agerturikoak edo areagotuak, krisialdi ekonomikoa kasu. Zergatik ordea dirutara mugatzen gara ia balizko iraunkortasunaren izenean? Asmatzen ditugu hitz eta definizio ponposoak, jasangarritasuna esaterako, eta hark hiru hanka dituela diogu: ekologikoa, ekonomikoa eta soziala. Baina non gelditzen dira lehenengoa eta azkena? Oreka gutxiko eserlekua eskaintzen zaiguna hanka luze bakarra duena eta horrela mantendu nahi dena. Garapen jasangarria diogu hazkunde etengabea dugunean buruan. Enpresa handiek etekin zabalak eta garbiak ez badira lortzen galtzen ari denaren sinesmena hedatzen ari dira, gure gizartea kutsatu dutelarik. Hazi eta hazi, baina maila sozialean eta ekonomian. Non gelditzen dira ongizatea, osasuna, natura edo idatziaren hasieran gogora ekarri dugun eta ezinbesteko dugun biodibertsitatea?
Gertu dugu adibide garbia, Antondegi mehatxatzen duen olatu faktoriaren izenean saldu nahi diguten proiektua. Jasangarritasuna ahotan, itsasotik lau kilometrotara landa eremuan eta Donostiako gerriko berdea erasango lukeen porlanezko azpiegitura da. Lurra artifizializatu itsasoak musu truk ematen diguna, ordainduta eta ingurumen kostu altu baten truke. Gainera, enpresak Gipuzkoan bertan, Aizarnazabalen, Antondegitik 25 kilometrotara badu horrelako bat! Duela zazpi edo zortzi urte eraikitakoa, hango bazterra okupatuz eta suntsituz, ibaiari ura lapurtuz eta energia ugari kontsumituz orain hiriburura ekarri nahi dute eta jasangarria izango dela saldu nahi digute. Lurzoru publikoa interes pribatuen mesedetara jarri nahi omen dute denona den biodibertsitate handiko eremua suntsituz eta gerriko berdea hautsiz. Hango balore naturalen prezioa zenbatezina da. Gelditzen zaigun ondare naturala kontserbatu beharra dugu. Naturak sortuko duten olatu artifizial horrek ez bezala, ez du margo berdeko geruza baten beharrik.
Iraunkortasuna da bogan dugun hitz potoloa orain, baina gauden bezala jarraitzeko asmoa baino ez badakar ez digu balio. Hitzak ez dira arazoa, edukiez edo zentzuz betetzen ditugun eta esanahiarekin ekintzetan bat gatozen da gakoa. Ingurumen alorreko lege berriak eta eguneratuak, behar ditugu, baina ditugunak aintzat hartzen ez badira, betetzen ez badira edo erdizka egiten bada, agian lehentasuna horiek zorrozki betetzean jarri beharko genuke, ezta?
Legeak betetzeko daude
Administrazioa denean betetzen ez duena edo betearazten ez duena kezkagarria da oso. Belartzan, beheko harrobiko irregulartasunak eta naturari zein ingurumenari eginiko eraso etengabeak salatu genituen Donostiako Udala gutxienez hiru aldiz lanak gelditzera behartuz. Udala oker horien jakitun bazen eta Belartza Goikoan, legez kontra eta baimenik gabe eginiko betelana behin hasita, atal guztiak bete gabe zituen aldi baterako baimenaren bitartez legeztatu nahi izan zuten. Duela bi urte luze Auzitegi Nagusiak epaia atera zuen legez kontrakoa zela berretsiz eta harri piloa kendu behar zela aginduz eta landa eremua berreskuratzeko ebatziz. Aitzakiak aitzaki Udalak oraindik ez du atera edo aterarazi harri koskor bat ere. Ez da akaso gobernu honen lehentasuna legeak eta epaiak betetzea?
Lehentasunak
Azpiegiturak behar ditugula esaten digute, metroa edo abiadura handiko trena kasu. 27 industrialdeko errepide berria bezalako loturak oso garrantzitsuak omen dira. Hotelak, supermerkatuak eta aparkalekuak herrigunean sustatu behar ditugu. Etxebizitzak behar beharrezkoak (jakina, merke-merke) kuarteletan eraiki nahi dituzten bezalakoak. Turismoa erakarri behar dugu ekonomia suspertzeko. Den-dena premiazkoa eta batez ere jasangarria. Oinarri-oinarrian dagoen biodibertsitatearen kontserbazioa, aldiz, noizko? Gelditzen zaigun landa eremua, ingurune naturala eta gerriko berdea lehentasunetan noiz sartuko zain gaude.