Murchanteko erailketa matxista salatu dute Bulebarreko Kioskoan
Dozenaka pertsona elkartu dira gaurkoan Bulebarreko Kioskoan, Murchanteko (Nafarroa) erailketa matxista salatzeko, Euskal Herriko beste hiri eta herri askotan egin duten moduan.
Ustez, Pedro Maria Ruiz Jimenezek bere koinata hil zuen asteazken goizean. Ikerketaren arabera, goizeko 10:24ean herriko futbol zelaiaren ondoan Ruiz Jimenezek bere koinataren ibilgaiua jo zuen autoarekin. Ondoren, labankadaz hil zuen gizonak emakumea. Biktima bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urtekoak—. Emakumeak 43 urte zituen, eta Maria Pilar Berrio Jimenez zuen izena. Gasteizkoa (Araba) zen, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen. Ustezko hiltzailea, aldiz, Zumarragakoa da sortzez. Euskal Herrian aurten gizon batek hil duen laugarren emakumea da.
Hilketaren ostean, gizonak ihes egin zuen, eta Donostiako ostatu batean pasa zuen gaua. Goizaldean jakin zuen hori Ertzaintzak, eta Donostiako sarreretan eta irteeretan kontrolak ezarri zituen, gizonaren bila. Azkenean, atzo arratsaldean aurkitu zuten gizona Pasaia kaleko ileapaindegi batean.