Zabor bilketa antolatu dute Urgullen Bask taldekoek
3 gaztek osatutako taldea da Bask, eta antolatutako proiektuaren barruan hiri zein herri batzuetako zaborra biltzea dago.
Jon Kareaga ingurumeneko aktibista da, eta beti sentitu izan da konektatuta naturarekin. Zumaiarra izanda, naturaz gozatzeko aukera izan du beti, itsaso zein mendi. Horregatik, beti izan du kutsaduraren eta ingurumen kezka, eta kezka hori Bangladeshra joatean areagotu zen, haurren esplotazioa ikusi zuenean hemen janzten dugun arropa egiteko. Gauzak horrela, Bask moda iraunkorraren marka sortu du beste 2 lagunekin batera, gizartea kontzientziatzeko eta bilakaera bultzatzeko. Jon Kareaga, Maddi Bercianos eta Mikel Izurieta dira sortzaileak.
Oraingo honetan, antolatu duten proiektuak kosta guztia furgonetarekin bidaiatzean datza, herri eta hiri batzuetan geldituz hango zaborra biltzeko. Gaur hasi dira, eta Donostiako Urgull mendian izan da lehen geltokia. Egun osoa egongo dira bertan, eta beraien arropa denda jartzeaz gain kontzertu bat ere egongo da arratsaldean hurbiltzen den jendearentzat, Desgaraian taldea hain zuzen.
Horrela, gaur hasita, Orion, Zarautzen, Zumaian, Deban, Mutrikun, Mundakan, Bermeon, Sopelan eta Getxon geldituko dira zabor bilketa egiteko. 213 kilometroko bidaia izango da, eta helburua bildutako zaborrarekin 2022 denboraldirako bainu jantziak egitea da, hondakinei bigarren bizitza emateko eta plastikoaren arazoarekin bukatzeko. Horrez gain, zuhaitzak ere landatuko dituzte. Gipuzkoako aldundiaren eta Zumaiako udaletxearen laguntzarekin kontatzen dute.
Orain dela 2 urte, esaterako, Zumaian egindako zabor bilketa batean 150 lagun hurbildu ziren. Orain, ordea, covid-19 dela eta, ez dute mezua asko zabaldu nahi izan behar baino jende gehiago hurbil ez dadin, segurtasuna mantentzea bermatzeko. Hala ere, laguntza beti da ongi etorria, eta hauen jarraipena egin ahal izango du nahi duenak sare sozialen bitartez: @baskbrand eta www.baskbrand.eus.