Arraun Lagunakek Donostiako bandera irabazi du

Arraun Lagunakek etxean irabazi du gaur, arratsaldean Kontxako badiako uretan jokatu den Donostiako bandera eskuratu baitu. Estropadaren buruan egon da hasieratik Arraun Lagunak, eta hasieran desberdintasuna oso handia ez bazen ere, pixkanaka gero eta denbora gehiago atera die talde irabazleak gainontzekoei. Donostiarra, aldiz, laugarren izan da.
Azkenean, 10:59.22-ko denbora egin du Arraun Lagunakek, eta 6.90 segundoko aldea atera dio Oriori, 10.94-koa Hondarribiari eta 12.48-koa Donostiarrari. Horrela, Arraun Lagunakek bere lidergoa mantentzen du sailkapen orokorrean, hamaika punturekin; Oriok bederatzi ditu, Donostiarrak sei eta Hondarribiak lau. Xubane Uribarrena, Aiora Belartieta, Alejandra Rios, Marcia Larrea, Naiara Martin, Eli Pescador, Ane Sanchez, Lorea Etxabe, Cristina Simoes, Lorena Garcia, Laura Jaramillo, Eztizen Duque eta Maialen Muguruza izan dira arraunlari irabazleak, eta Andrea Astudillo patroia.
Mutilei dagokienez, Donostiarra bosgarren izan da, 20:00.74 minutuko denbora eginda. Irabazlea, aldiz, Zierbena izan da, 19:50.94 minutuko denborarekin. Sailkapen orokorrean, Donostiarra bosgarren postuan dago, 25 punturekin. Burua, aldiz, Santurtzi da, 32 punturekin.