Aski dela aldarrikatu dute ehunka lagunek Donostiako kaleetan
Epaiketa "erabat anakronikoa" dela salatu dute, eta iragarri dute irailaren 12an berriz mobilizatuko direla.

Astelehenean, hilaren 12an, hasiko da 13/13 epaiketa handia Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta presoen eskubideen alde lanean aritutako zortzi euskal herritar epaituko dituzte, tartean lau donostiar. Horren aurrean, manifestazioak egin dituzte gaur Donostian eta Bilbon. Donostiakoan ehunka lagun mobilizatu dira, eta Saguestik abiatuta, hiriko kaleak zeharkatu dituzte, aski dela aldarrikatuz, epaiketa politiko hori “erabat anakronikoa” dela salatuz eta euskal jendarteak “elkarbizitza” nahi duela.
Auzipetuak Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira, eta Sarriegi, Enparantza, Redondo eta Jauregi dira donostiarrak. Horietako batzuk abokatuak dira. Gainera, Naia Zuriarrainek Guardia Zibilaren eskuetan jasandako torturen berri eman du aste honetan, eta salatu dute auzipetuen aurkako deklarazioetako batzuk “torturapean” lortu zituztela. Operazioa 2010eko apirilean egin zuten, eta presoen defentsan aritzen ziren 13 pertsona atxilotu zituzten. Euren etxeak miatu zituzten, atxilotu egin zituzten eta bost egunez galdekatu zituzten; auzipetuek salatu dutenez, euretako batzuek torturak ere jasan zituzten.
Hainbat eragile politiko eta sozialek egin dute bat mobilizazioarekin, besteak beste, EH Bilduk, ELAk eta LABek. Hain zuzen, zera adierazi du EH Bilduko legebiltzarkide Nerea Kortajarenak: “Erabat lekuz kanpo eta garaiz kanpo dagoen epaiketa bat da. Eta, berriz ere, gure herriari beste etorkizun baterako bideak ireki zaizkionean, gehiegizko eta nahi ez dugun sufrimendua ekartzen dion epaiketa politiko bat da. Kartzelak husteko garaia dela uste dugu, inolaz ere kartzelak betetzekoa”. Ildo beretik jo du LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, eta estatuaren jarrera salatu du: “78ko erregimena indarrean dagoenetik, estatu espainiarretik ez da inolako borondaterik erakutsi auzi politikoari irtenbide demokratiko bat emateko. Aldiz, eraso errepresiboen bidea erabili izan du estatuak, eta oraindik ere hori ez da amaitu”. “Erabat anakronikoa da berriz ere epaiketa politiko baten aurrean egotea. Eskatzen dugu epaiketa bertan behera uzteko eta sumario berririk ez irekitzeko”, gaineratu du. LAB sindikatuko idazkari nagusiaren alboko Amaia Muñoak ere gogor salatu du Espainiako Estatuaren jokaera: “Alde batetik, estatuko gobernuari exijitu behar diogu parametro demokratikotan aritzeko eta oinarrizko eskubideak bermatzeko. Bestetik, eragile politiko eta sozialok ezin ditugu normaltasunez hartu erabaki politiko hauek, ezta normaltasunez aritu ere erabakien atzean dauden indar politikoekin ere”.
Mobilizazioa Saguestik Bulebarrera joan da, eta handik Urbieta kalera joan da, ondoren Askatasunaren hiribidea zeharkatzeko. Egiarako bidea hartu dute ondoren, eta Justizia Jauregiaren aurrean amaitu dute manifestazioa, eta epaiketa anakronikoa dela salatu dute berriz ere hitzartzearen hasieran: “Nork esan behar zigun orain dela hamar urte 2021ean kartzelak betetzen jarraitu behar zutela? Nork esan behar zigun Guardia Zibilak haietako batzuei eragindako tortura basatien bidez lortutako autoinkulpazioak erabiltzen jarraitu behar zutela? Noiz arte pairatu behar dugu indarkeria hau guztia? Herri honek bakea, elkarbizitza eta askatasuna merezi ditu”. Era berean, Euskal Herriko gizarteak behingoz bakea nahi duela nabarmendu dute, eta horretarako urratsak ematen jarraitu behar dela: “Bizitza proiektua izorratu nahi diete auzipetuei eta haien ingurukoei. Astelehenetik aurrera epaituko dituzten zortzi lagunen amesgaiztoa herri honen amesgaiztoa ere bada, hein handi batean. Aski da! Altxa dezagun ahotsa epaiketa politiko honen aurka, presoen aldeko lana kriminalizatzearen aurka, muntaia polizialen eta torturen aurka. Altxa dezagun ahotsa auzipetuen alde, presoen eskubideen alde eta egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde. Epaiketa luzea izango da: uztailean zortzi eguneko iraupena eta irailean beste zortzikoa. Bitartean, auzipetuen eta haien ingurukoen sufrimendua areagotu egingo da”. Horregatik, iragarri dute beste manifestazio bat egingo dutela Donostian irailaren 12an, Kontxako banderaren bigarren jardunaldian.
Hastear da 13/13 epaiketa handiaren aurkako manifestazioa Donostian. Jende asko bildu da Saguesen@irutxulo pic.twitter.com/Xe7TcCF5bQ
— Beñat Parra Rguez. (@ParraBenat) July 10, 2021
Mobilizazioari amaiera emateko, Julen Zelarainek hartu du hitza, auzipetu guztien izenean, eta eskerrak eman dizkie babesa helarazi dieten guztiei. Era berean, zera adierazi du: “Kaletik, jende askok galdera bat egin digu: Zertara dator orain auzi hau? Guk uste dugu galderaren erantzuna duela hamar urte eman zela. Mahai gainean jarri zen proposamenean eman zen erantzuna. Zera zioen proposamen horrek: konfrontazio armaturik gabeko agertoki politikoa eraiki behar genuela. Agertoki horretarako urratsak eman behar ditugu, gehiengo politiko, sindikal eta sozialak eraikiz. Hori da gure ardura. Estatuarena, aldiz, hori oztopatzea izango da. Soilik politikoki ahula denak, alternatibarik ez duenak, erabiliko ditu bortizkeria eta errepresioa”. Hala ere, elkarbizitzaren eta bakearen agertoki politikora iristeko urratsak ematen jarraituko dutela azpimarratu du, eta herritarrak batzera eta antolatzera deitu ditu: “Josi itzazue konpromisoak eta konplizitateak, agertoki hori gorpuztu eta behingoz eraiki dadin. Esperantza osoa dugu zuengan!”.