Parte Zaharreko ostalaritza establezimendu batzuen hondakinen kudeaketa txarra salatu dute

Donostia Bizirik plataformak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak hiriko hondakinen kudeaketa txarra salatzeko eta ikusarazteko ekintza bat egin dute Parte Zaharrean gaur goizean. Hain zuzen, ostalaritza establezimendu batzuetako zabor poltsak hartu dituzte, eta Sarriegi plazako eskulturaren inguruan ireki dituzte, poltsetatik ateratzen ziren hondakinak bereiziz.
Guztira, 64,8 kilo zabor bildu dituzte, eta behin hondakin guztiak bereizita, frakzio bakoitza pisatu dute. Honakoa izan da emaitza: papera eta kartoia, 37 kilo (%57); organikoa, 16,3 kilo (%25); ontzi arinak, 9,2 kilo (%14); errefusa, 1,8 kilo (%2,77) eta, bestelakoak, 0,5 kilo (%0,8). “Hau da, zabaldu diren poltsetako hondakinen %97 birziklagarria zen”, salatu dute ekintzaileek.

Donostia Bizirik plataformako eta Errausketaren Aurkako Mugimenduko kide batzuk, goizeko egitasmoan. (Argazkia: Donostia Bizirik)
Horren aurrean, udalaren jarrera kritikatu dute, eta neurriak hartzeko eskatu diote: “Udalak badu honen berri eta lehendik ez bazuen orain badu. Zeren zain egon behar da egoera tamalgarri honi konponbidea emateko? Gipuzkoako herri gehienetan pausoak eman dira, ereduak oso hurbil dauzkagu. Zer interes dago urtea joan eta urtea etorri egoera honetan jarraitzeko?”.