13/13 auzian epaitzen ari diren Egiako bi bizilagunei babesa adierazi diete

Gaur goizean hasi da 13/13 sumarioaren epaiketa, non, besteak beste, Donostiako lau pertsona epaitzen ari diren. Lau horietako bi Egiakoak dira, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi. Auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute Tabakaleran.
Bihar jarraituko du epaiketak, eta auzipetuen deklarazioen txanda izango da, nahiz eta oraindik ez dagoen garbi saioa egingo den ala ez; izan ere, epaimahaikide bati koronabirusaren aurkako txertoa jarri diote gaurko saioaren atsedenaldi batean, eta gaizki sentitzen hasi da. Beraz, bihar ondoezarekin jarraitzen badu, atzeratu egingo da saioa.
13/13 sumarioa
Epaiketa honetan, euskal presoekin bitartekari lanak egin dituzten pertsonak epaituko dituzte, zortzi guztira; horietatik, lau donostiarrak dira. Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira auziperatuak, eta Redondo, Jauregi, Enparantza eta Sarriegi dira donostiarrak.