13/13 sumarioko auzipetuek bihar deklaratuko dute, nahiz eta saioa kolokan dagoen
Gaur goizean hasi da epaiketa, baina auzipetuek ez dute deklaratu magistratu bat ondoezik sentitu delako saioaren atseden batean txertoa jaso ostean.

Gaurko saioan Jon Enparantza eta Arantza Zulueta auzpetuen abokatuak hitz egin du lehenengo, eta gero fiskalak eta herri akusazioak. Abokatuek prozesu judizialean ematen ari diren hainbat irregulartasun salatu dute. Lehenik eta behin, epaiketa Internet bidez zuzenean ematea salatu dute; izan ere, beranduago deklaratu behar duten lekukoek zuzeneko emisioa ikusiko dutela adierazi dute abokatuek. Bestalde, lekuko gisa deklaratuko duten guardia zibil batzuek “aparteko neurriekin” deklaratuko dute, eta hori horrela ez egitea eskatu dute abokatuek.
Zuluetaren eta Enparantzaren abokatuak, bestalde, akusazioak “Guardia Zibilaren gezur batzuetan” oinarritzen direla adierazi du, eta errugabetasun printzipioa ere urratu zaiela azpimarratu du. Azkenik, Jone Goirizelaiak, Naia Zuriarrainen abokatuak, adierazi du non bis in idem printzipioa urratzen ari zaiola Zuriarraini. Hau dela eta, Goirizelaiak Zuriarrain prozeduratik kanpo uztea eskatu du. Bestalde, defentsako abokatuek guztiek batera adierazi dute akusatuei benetako babes juridikorako eskubidea urratu zaiela. Ondoren, Zelarainen eta Sarriegiren abokatuak salatu du CNIren entzunketak babes legalik gabe egin zirela. Angela Murillo magistratuak atzera bota ditu defentsak egindako eskaera guztiak.