Arkaitz dantza taldeak Añorgako jaiak alaituko ditu
Uztailaren 16an izango da emanaldia, Karmen egunean, eguerdiko 13:00etan
Arkaitz Dantza Taldea Añorgako dantza taldea da. 1926an sortu zen talde hau, eta laster, 2026. urtean, 100 urte betetzen dituzte. Helduen dantza taldean 30 bat lagun dira. Talde honetara 15-16 urterekin pasatzen dira, eta 14 urtera arte haurren taldea osatzen dute. 5 talde daude haurrenak, 50 guztira. Beraz, guztira 80 bat dantzarik osatzen du Arkaitz Dantza Taldea.
Karmen egunean, Añorgako festen egun nagusia dela eta, zenbait urte daramatzate Gipuzkoako dantzak egiten. Urtero, emanaldi berdina eskaintzen dute Karmen egunean, Brokel Zikloa, Gipuzkoako dantza tradizionalez osatutako emanaldia. Baina ez dute hori bakarrik egiten; normalean beste egun batean ere, jaietatik aparte, Euskal Herriko beste zenbait lekutako dantzak ere eskaintzen dituzte. Aurten, izurritea dela eta, hau ez da posible izango.
Dantza frontoian izango da, futbol zelaiaren ondoan. Edukiera murriztua izango da, eta 100 pertsona sartu ahal izango dira. Beraz, frontoia itxi egingo da. Sarrerarik gabe denez, lehen ehunak sartuko dira, eta bertan adieraziko da non jarri eta distantzia nola mantendu. Musukoa derrigorrezkoa izango da. Normalean, eguraldi ona izaten bada, ondoan dagoen Harrobi plazan egin ohi da emanaldia, jesarlekuez inguratuta, baina aurten neurriak mantentzea bermatzeko egingo da frontoian.
Añorgako festetan, Karmen egunez gain, haurren egunean haurrek ere parte hartzeko aukera izan ohi dute. Egoitz Irazabalbeitia dantza taldearen arduradunak esan digunez, “aurten, prestatzeko izan ditugun ezintasunak direla eta, ez da egun hori bere horretan ospatuko”.
Udari begira, arduradunaren esanetan, ez dakite seguru ze emanaldi eman ahal izango dituzten. Izan ere, esperoan daude Aste Nagusiko ‘ez-jaietan’ emanaldirik emango ote duten edo ez, eta horrela bada Konstituzio plazan emango lukete emanaldia. Bestela, Irailera arte ez dute emanaldirik egingo.
Irazabalbeitiaren esanetan, aurten urte berezia izan da. Zailtasunak izan dituzte entseatzeko, etenaldiak izan dituzte, eta baldintzak oso mugatuak izan dira. Banaka entseatzea, 12 pertsona gehienez elkartu ahal izatea, musukoarekin egin behar izatea… baldintza horietan entseatzea zaila egin zaie. Azken hilabetea izan da edukiera pixka bat zabaltzea posible izan dena, eta horrek pixka bat hobetu du egoera.