Auzipetu guztiek ukatu dute ETAren egituretan egotea, eta batzuek informazioa torturapean atera zietela salatu dute
13/13 makroepaiketaren bigarren saioa amaitu da, eta auzipetu guztiek deklaratu dute jada. Bihar kasuaren hiru lekukok deklaratuko dute.
Zazpi auzipetuek jada deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, 13/13 makroepaiketaren bigarren saioan. Auzipetuen defentsek epaiketa bertan behera uztea eskatu zuten atzo, prozesuan izan diren irregulartasunak direla eta, baina epaileak auziarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen. Bihar hiru lekukok deklaratuko dute, eta beste bi lekukok hilabetearen amaieran deklaratuko dute.
Arantza Zulueta eta Nahia Zuriarrain izan dira deklaratzen lehen biak, eta Nerea Redondo izan da azkena. Auzipetu gehienek haien abokatuen galderei bakarrik erantzun diete, eta batzuek ikerketaren informazioa torturapean atera zietela salatu dute. Juan Mari Jauregi donostiarra ere auzipetua dago kasu honetan, baina osasun arazoak direla eta, ezin izan du deklaratu.
Jon Enparantza
Lehen etenaren ostean, Jon Enparantza donostiarra izan da deklaratzen lehena; bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun dietenetako bat da Enparantza. Iker Sarriegirekin batera, 2010. urtean atxilotu zuten Enparantza, Hernaniko abokatuen bulegoan. Hamalau ordu iraun zuen miaketak, baina lehen minutuak auzitegiko idazkaririk gabe egin ziren.
Jon Enparantzaren aurkako akusazioak 2013. urteko Guardia Zibilaren inteligentzia txosten batean oinarritzen dira. Txosten horretan bi ezizen izatea egozten diote Enparantzari, Mik eta Ana, eta biak ukatu ditu donostiarrak, eta ezizen horiek dituen inor ezagutzen ez duela azpimarratu du. Txostenean dio 2007. urtean Mik oso lanpetuta zegoela familia kontuengatik, baina Enparantzak adierazi du bera ez dela inoiz bere seme-alabak zaintzeaz eta etxeko lanetaz arduratu, lanean eta gainontzeko gauzetan inbertitzen baitzuen denbora gehiena. Izan ere, Enparantza Frantziako Estatuko kasuetaz arduratzen zen, eta denbora asko pasatzen zuen etxetik kanpo; bulegoa, adibidez, Donibane Lohitzunen zuen, eta Antiguan bizi zen.
Abokatuak Aitziber Sagarminagaren deklarazio batzuei buruz galdetu dio; izan ere, Sagarminagak poliziari deklaratu zion Enparantza zela Askatasuna antolakunde politikoaren arduradun nazionala zela. Enparantzak gogorarazi du Sagarminagak deklarazio horiek “tortura larriak” jasan eta gero egin zituela. Bestalde, adierazi du Sagarminagak esan ziola poliziek behartu zutela Enparantzari errua botatzera. Domingo Aizpuruak ere poliziaren aurrean Enparantza Txanpa-ren kide zela deklaratu zuen, eta Enparantzak berriro ere adierazi du Aizpurua torturatu egin zutela adierazpen horiek egiteko, nahiz eta ez dakien zer den Txanpa. David Plarekin duen harremanari buruz ere galdetu diote; izan ere, poliziaren txostenetan harekin bilera bat izan zuela diote, baina Enparantzak hau gezurtatu du. David Pla ezagutzen duela dio, baina haien haurrak eskola berera doazelako azpimarratu du.
Albokaren edo ETAren parte izan den galdetu dio abokatuak Enparantzari, eta gezurtatu egin du: “Ez naiz inoiz Albokaren edo ETAren beste edozein azpitalderen parte izan”, dio. 2019. urteko beste makroepaiketa batean Enparantzak ETAko kidea izatea onartu zuen, agintari graduan. Hala ere, gaurkoan adierazi du kontu zehatz batengatik onartu zuela: “ETAko kidea izatea onartu nuen 47 pertsona aurre egiten ari ginen egoera zail baten aurrean konponbide onena zela uste genuelako”. ETAn parte hartu izanaren inguruko beste galdera zehatz batzuk ere egin dizkiote, eta denak ukatu ditu.
Iker Sarriegi
Jon Enparantza baino beranduago hasi zen abokatu jardunean Iker Sarriegi; izan ere, futbolista profesionala izan zen, eta ikasketak atzeratu zituen horregatik. Hau dela eta, ikerketan haren aurkako hainbat akusazio gezurtatu ditu Sarriegik, oraindik ez zelako abokatu. Bestalde, Frantziako Estatuko kasu batzuetan sartu dute, eta Sarriegik adierazi du ez duela inoiz lanik egin Frantzian, besteak beste, ez dakielako frantsesez hitz egiten. Lehenik eta behin, Sarriegik daierazi du bere aurkako akusazioak ustez Guardia Zibilak Hernaniko bulegoan egindako miaketan topatu zituzten USB batzuetan zeduen dokumentuetan oinarritzen direla, eta Sarriegik azpimarratu du USB horiek ez zituela ezagutzen: “Guardia zibil bat mahai baten azpian sartu zen, eta hogei minutura inoiz ikusi ez nituen dokumentu eta USB batzuk atera zituen. Ondoren, beste guardia zibil batzuek beste USB batzuk atera zituen, nik lehenago inoiz ikusi ez nituenak”. Hau dela eta, Sarriegik miaketa hau inpugnatu zuen.
Guardia Zibilak “aurkitutako” dokumentu batzuk erakutsi dituzte ondoren. Lehen dokumentua 2005eko otsailekoa da, eta Zuba izeneko batek sinatua da. Abokatuak 2005eko otsailean nun zegoen galdetu dio Sarriegiri, eta honek adierazi du oraindik fakultatean zegoela, azken azterketak amaitzen: “Orduan oraindik ez nintzen abokatua”. Beste dokumentu bat ere erakutsi dute, Txistor izenarekin; Txistor Frantziako Estatuko preso bat zen, eta lehenago esan bezala, Sarriegik ez daki frantsesez hitz egiten, eta ez du inoiz Frantzian lan egin.
Bestalde, abokatuak ondorengo galdera zehatzak egin dizkio Sarriegiri: “Lagundu al duzu norbait ETAn sartzen? Lagundu al diozu norbaiti Frantziara ihes egiten? Ezkutatzen? ETAko kidea izan zara? Albokan hartu duzu parte noizbait? ETAren “iraultza zerga” kudeatzen ibili zara noizbait?”, eta guztiei ezetz erantzun die Sarriegik.
Nerea Redondo
Deklaratzen azkena izan da Redondo, eta defentsaren galderez gain, fiskalari eta akusazio partikularraren abokatuei ere erantzun die. Epaiketa honetan dagoen Juan Mari Jauregiren etxean utzitako 44.500 euroen inguruan galdetu diote Redondori. Honek adierazi du gaztetatik aurreztu duen dirua zela: “Txikitatik irakatsi didate etxean aurrezten, eta betidanik egin izan dut, etxe bat erostea izan baita nire betiko ametsa”, dio. Hau dela eta, gazte zenetik lan asko egin duela dio Nereak, eta lan horietako askotan beltzean ordaintzen ziotela azpimarratu du.
Nereak adierazi du oporretan joan behar zuela, eta egun batzuk lehenago bere bizilagun baten etxean lapurtu zutenez, diru fisikoan zituen 44.500 euro horiek Jauregiri eman zizkion, etxean gorde zezan diru hori, bera oporretan zegoen bitartean. Akusazioak dio Redondok Jauregiri diru hori ETA finantzatzeko eman ziola. Hala ere, Redondok eta bere abokatuak diru hori lan egiten irabazi zuela dioten dokumentuak erakutsi eta azaldu dituzte.
ETAren “iraultza zerga” kudeatu izan duen ere galdetu diote, eta ezetz adierazi du Redondok.