Bera Berako hiru jokalari izango dira Olinpiar Jokoetan
Bera Bera eskubaloi taldeko hiru jokalari Tokioko Olinpiar Jokoetan izango dira: Eli Cesareo kataluniarra, eta Adriana Cardoso eta Renata Lais de Arruda brasildarrak.
Espainiako Eskubaloiko Federazioak argitaratutako zerrendako hamasei jokalarien artean dago Cesareo; Carlos Viver hautatzaileak atzo arratsaldean egin zuen publiko zerrenda definitiboa. Cardoso eta Arruda Brasilgo Eskubaloiko Federazioak hautatutako hamabost jokalarien artean daude. Cardoso 2012an Londresko jokoetara joan gabe geratu zen, eta, aurten, 30 urterekin, bere aurreneko Olinpiar Jokoak biziko ditu. Arrudak, ordea, 22 urterekin izango du aukera bere ametsa betetzeko; atezainaren ibilbidea harrigarria dela adierazi du klubak.
Olinpiar Jokoetan aurrez aritu izan dira Bera Berako jokalariak. 2012ko Londresko jokoetan Eli Pinedo, Bea Fernandez eta Dara Carvalho aritu ziren. 2016ko Rioko jokoetan ordea, Pinedo izan zen Espainiako Federazioaren zerrendan berriro ere.