Bidebietako argazki zaharrak ikusgai daude Garberan
Uztailaren 13tik abuztuaren 2ra bitartean, Bidebieta argazki erakusketa izango da ikusgai Garberan. 28 irudiz osatutako erakusketa da, eta denboran atzera begiratzeko aukera ematen du, 20ko hamarkadatik 80ko hamarkadara auzoan izandako aldaketak ikusteko. Erakusketa antolatzen den laugarren urtea da aurtengoa, eta aurrekoetan bezala, Altzako Tokiko Bilduman jasotako argazkiak aukeratu dituzte, gehienak familia-albumetakoak. Horrez gain, Kutxatekaren funtseko hainbat argazki ere jaso dituzte.
Bidebieta Herreran jaio zen XIX. mendearen amaieran, Javier Artazcozek Mirakruz Gainetik Herrerako ontziralekura jaisten zen bidearen bi aldeetan zeuden lurrak erosi zituenean. Lursaila itxi eta jauregi bat eraiki zuen bi errepideen artean dagoen parke handi baten erdian; hortik datorkio “Bidebieta” izena. Finka Artazkoene izenez ezagutzen zen garai hartan, baina 1932an Fautso Gaiztarro arkitektoaren jabetzara izatera pasa zenean Gaiztarro izena hartu zuen. Hala, 20ko hamarkadatik geroztik, Bidebideta izena erabili izan da Gaiztarro, Mirakruz Gaina, Ulia, Azkuene kalea eta Herrerako portu-eremua izendatzeko.
Bidebidetaren eraldaketa XX.mendeko lehen herenean azkartu zen bereziki. Izan ere, Tiro Nazionala inauguratu zen 1913an eta etxebizitza bakarreko etxeak eta Lasa (1932) eta Kontadores (1939) bezalako fabrikak eraiki ziren. 60ko eta 70 hamarkadetan ordea, dorreak eta etxebizitza blokeak eraikitzen hasi ziren, gaur egungo paisaia lortu arte.
Aurreko edizioetan bezala, David Vicente argazkilaria arduratu da zuri-beltzeko argazkiak mihise gainean inprimatzeaz, 90 × 60 cm-ko tamainan. Erakusketa amaitzean, Garberak gordailuan utziko dizkio argazkiak Altzako Historia Mintegiari beste ekitaldi batzuetan berrerabiltzeko. Izan ere, une honetan, aurreko erakusketetako argazkiak Bidebietako ostalaritzako eta merkataritzako hainbat lokaletan daude banatuta eta zintzilikatuta, bizilagunek ikusten jarrai ditzaten.