Hasi da lau donostiar epaitzen ari diren 13/13 makroepaiketaren bigarren saioa
Arantza Zuluetak, Nahia Zuriarrainek, Jon Enparantzak eta Iker Sarriegik deklaratu dute jada.
Hasi da 13/13 makroepaiketaren bigarren saioa, auzipetuen deklarazioekin; gaurko saioa kolokan zegoen, epaimahaiko magistratu batek koronabirusaren aurkako txertoa jaso zuelako atzo, baina ez du epaiketarekin jarraitzeko arazorik.
Arantza Zulueta hasi da deklaratzen, eta, besteak beste, Zuriarrani bere ezizena, Bixer, “torturapean” atera ziotela azpimarratu du Zuluetak. Bestalde, inoiz ez dela ez ETAkoa ez Halbokakoa izan azpimarratu du auzipetuak, eta abokatuen kolektiboko kidetza “presoen koordinazio lan gisa egoera berrira egokitzeko” onartu zuela ere dio Zuluetak.
Iraultza zerga ezartzea edo ETAri atentatuak egiteko informazioa ematen ziola ere egotzi diote Zuluetari, baina berak akusazio guzti horiek ukatu ditu. Bestalde, armak gordetzeko zulo batean lehergailuak izatea ere egotzi diote, baina Zuluetak ere akusazio hau ukatu du, armarik inoiz ukitu ez duela baieztatuz. Bestalde, frogak eskatu ditu: “Froga dadila nire aztarna bakar bat dagoela arma batean”, dio. Informazio hori miaketa bati esker lortu zuten, eta azpimarratu du miaketa horren prozedura salatu zutela duela urte batzuk.
Naia Zuriarrainen txanda izan da ondoren. Zuluetaren bertsioa baieztatu du; hau da, informazioa torturapean atera ziotela. Behin baino gehiagotan mehatxatu zutela adierazi du, eta galdeketa batzuetan buruan eta bularretan ukituak egin zizkiotela azpimarratu du. Ondoren, Zuriarrainen hitzetan, biluztu egin zuten, eta ur hotza bota zioten, eta ukitzen jarraitzen zuten bitartean, buruan poltsa jarri zioten.
Zuriarrainek amaitu egin du, eta etena egin dute orain. Dirudienez, ondorengoa da deklarazioen ordena: Zuluetaren eta Zuriarrainen ostean, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondoren txanda izango da. Epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalaren Youtube kontutik jarraitu daiteke zuzenean.