Donostiako Zaintzaren Kontseilua sortzeko eragileek egin duten proposamenarekin bat egin du EH Bilduk
Hiriko hamaika gizarte eragilek Zaintzaren Kontseilu Sektorial bat sortzea proposatu dute. Asade, Elkartu, Mara-Mara elkartea, Bidez bide, Gautena, Arrats, Haurralde, Lagael, Plazandreok, Emakumeen Etxea eta Sos Arrazakeria dira eragile horiek, eta zaintza eredu publiko berri baten alde urratsak egin behar direla azpimarratu dute.
EH Bilduk bat egin du aldarrikapenarekin, eta eskaera uztailaren 22ko udalbatzarrera eramango dute. Kontseilu horren helburua hiri kontratu berri bat adostea izango litzateke, zaintza merkatuaren eta gizartearen artean konpartitutako erantzukizuneko gaitzat hartuta, baina baita etxeko gizonen eta emakumeen artean ere.
Pandemia eta gizarte laguntzak
Olaia Duarte zinegotziak azpimarratu duenez, udal gobernuak ez du pandemiaren ondorio sozialei aurre egiteko plan berezirik abian jarri. “Aurtengo udal aurrekontuek ez dute aparteko neurririk aurreikusten gizarte politiken atalean, programa eta aurrekontu berdinak dira, pandemiarik izan ez balitz bezala eta ondorio sozio ekonomikoak gaindituta baleude bezala. Bitartean, langileen, gehienak emakumeak, lan baldintzak okerrera doaz udal gobernuak beste aldera begiratzen duen bitartean”, esan du Duartek.
Gizarte laguntzen eskariak gora egin du koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, eta horrek Gizarte Ekintza sailaren politikaren eraginkortasuna are gehiago ahuldu duela azpimarratu du Duartek: “Dagoeneko egoera oso kezkagarria da, Gizarte Ekintza saileko gizarte langileek salatu duten bezala”.