Donostiatruk bigarren eskuko azoka egingo dute Easo plazan
Larunbatean, hilaren 17an, Donostiatruk bigarren eskuko azoka egingo dute Amara Easo plazan, 10:00etatik 14:00etara. Etxeko produktuei beste erabilera bat ematea du helburu, hondakin bihurtu baino lehen. Donostiako Udaleko Osasun eta Ingurumen zuzendaritza da antolatzailea.
Etxean dauden eta jada erabiltzen ez diren artikuluak salerosteko gunea da. Arropa, jostailuak, liburuak, eta abar saltzen dituzten postuak aurkitu ahal izango dira, eta erosketaren bat egingo dutenen artean Egia auzoko Km0 jatetxe begano begetarianoan bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozkatuko da.
Osasun krisiaren ondorioz, prebentzio neurri batzuk bete beharko dira. Postuen kopurua mugatu dute, produktuak manipulatzea saihestuko dute eta baita arropak probatzea ere. Era berean, aintzat hartu beharko da erakusiko diren produktuak erabilita daudela. Horregatik, erosi ondoren desinfektatu eta erabili aurretik berrogeialdia bete beharko dute artikuluek.