Elkarrekin Donostiak etxebizitza hutsekin bukatzeko neurriak eskatu dizkio udal gobernuari
Eusko Jaurlaritzaren dekretu batek aukera ematen du hutsik dauden etxebizitzen kanona beste ezarpen batzuekin bateragarri egiteko. Esaterako, etxebizitza hutsen gaineko OHZren errekargua. Ordea, EAJ-PSE-EEren udal gobernuak aukera hori baztertu duela ohartarazi du Elkarrekin Donostiak.
Asteleheneko udal batzordean, Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak dekretua baztertzearen inguruko azalpenak eskatu zizkion udal gobernuari. Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak erantzun zuen karga bikoitza aplikatzeak “gehiegizko kostua” ekarriko diela etxebizitza hutsak dituztenei. Erantzun hori “guztiz onartezina” dela adierazi du Garaik. “Udal gobernua ondasunak pilatzen dituztenen alde jartzen da egoera ahul bat pairatzen dutenen aurrean, ezin dutelako bizitzeko tokirik izan”.
Garaik gaineratu du “ezinezkoa” dela hirian lau mila etxebizitza huts baino gehiago egotea, eta legeak jasotzen dituen karga guztiak ez aplikatzea. Hori dela eta, Elkarrekin Donostiak hiriko etxebizitza hutsekin bukatzeko bide guztiak erabiltzeko eskatu dio udal gobernuari.