Zubietan bizi den familia bat jasaten ari den "jazarpena" salatu du udaleko langile talde batek
Donostiako Udaleko langile talde batek udalari eskatu dio Zubietan bizi den familia bat babesteko adierazpen instituzional baten bidez. “Gure lankide bat eta bere familia Zubietan duela sei urtetik jasaten ari den jazarpen kasu batean esku hartzeko eskatu diogu”, azaldu dute ohar baten bidez.
Egoera hori Zubietako elkarte baten eta udal langilearen familiaren arteko “bizikidetza gatazka pribatu” batean oinarritzen dela diote. “Elkarteak lankidearen etxearen ondoan alokatuta duen lokalean ematen ziren zaraten ondorioz, familiaren eguneroko bizitza oztopatzen zuen. Eremu pribatuan konpondu behar zen gatazka partikular hori elkarteko kide talde batek sozializatu zuen, eta aldian behin elkarretaratzeak egiten dituzte familiaren etxearen aurrean, Zubieta uzteko eskatuz”.
Elkarretaratzeez gain, “mespretxusko jokabideak” izan dituztela adierazi du langile taldeak. “Familiaren etxera botilak jaurti dituzte, lankidearen autoa marratu, ispiluak hautsi, pegatina baztertzaileak, eraso fisikoak eta mehatxuzko pintadak egin dituzte”.
Horregatik, udaleko alderdi guztiei adierazpen instituzionalerako proposamen bat bidali diete, udaleko sailek egindako espediente eta txostenekin dokumentatua. Horrekin batera, eskatu diete “beharrezko konpromisoa” har dezatela; alde batetik, familia horren “sufrimendua” aitortzeko, eta bestetik, Zubietan “errespetuzko bizikidetza” baterako behar diren urratsak egiteko.