Karramarro eguna ospatu dute Kaian
Egun osoko egitaraua izan zen larunbatean kaian. Haur jolasak, muxikoak, herri bazkaria eta kantu saioa egin zituzten giro ederrean eta neurriak errespetatuz.
Ostiralean eman zioten hasiera Karmengo jaien asteburuari, kalejira aldarrikatzailea egin baitzuten kaian. Auzotarrek kaian bizi nahi dutela eta espazio publikoa pribatizatzen ari direla salatu zuten. Larunbatean ordea, egun osoko egitaraua eskaini zieten auzotarrei. Goizeko egitarauean haurrentzako ekintzak prestatu zituzten, 10:30etan Untzi Museoan txikienentzako antzerki saioa izan zuten eta 11:30etan Ginkanari ekin zioten.
12:30etarako hasi ziren muxikoak, eta jende ugari gerturatu zen bertara. Jaiak ospatzen diren ohiko gunea hesitu eta barruan taldeka esertzeko hainbat mahai jarri zituzten. Aurreikusitako sarrera guztiak saldu ziren bazkarirako, eta giro ederra sortu zen bertan, eguraldiak ere lagundu baitzuen. Marmitako eta haragi egosiaz gozatu zuten bertaratuek. Antolatzaileen arabera, giro bikaina izan zen eta jendeak ardura handiz jokatu zuen. Bazkalosteko bingoan auzoko taberna eta komertzioek eskainitako sariak banatu zituzten eta amaitzeko, Iratzar kantari taldearekin bi orduz aritu ziren kantuan.
Jai batzordekoen hitzetan, jai parte hartzaile eta giro onekoak izan dira. Datorren urterako gogoz gelditu dira eta auzotarrak gogotsu daudela argi ikusi dutela adierazi dute.