"Nik, neurri murriztaileengatik baino, arazo gehiago izaten ditut eguraldiagatik"
Patatak eta barkilloak saltzen ditu udan Kontxako Hondartzan, eta gaztainak neguan Gipuzkoa plazan. Bizitza osoa darama negozio horretan, eta udari begira, eguraldi ona egitea da gehien desio duena.
Jesus Etxegoien saltzaile ibiltaria Kontxako Hondartzan. (Argazkia: Idaira Agirregomezkorta) Udan patatak eta barkilloak saltzen dituzu Kontxako Hondartzan. Eta neguan?
Gutxi gorabehera Aste Santutik urrira arte egoten naiz Kontxako Hondartzan. Urritik Aste Santura, ordea, gaztainak saltzen ditut Gipuzkoa Plazan.
Nola moldatu zara pandemia dela eta?
Gaizki. Etxean, itxita, eta laguntzarik gabe. Tokiko merkataritzari laguntzeko diru laguntzarik niri ez didate eman. Lau hilabete etxean sartuta atera gabe, ni neu bakarrik eta diru sarrerarik gabe; oso egonkor egon behar zara mentalki egoera horri aurre egiteko.
Zergatik ez dizute laguntzarik eman?
Eskatu ditut, baina udalaren esanetan, langileak izan behar dituzu zure kargu diru laguntzak jasotzeko. Nik, langilerik ez dudanez eta bakarrik nagoenez, ez dut ezer jaso. Bidegabekeria izugarria iruditzen zait.
Orain, neurri murriztaileekin, nola moldatzen zara?
Nik, neurri murriztaileengatik baino, arazo gehiago izaten ditut eguraldiagatik. Aste honetan ere, euria egin duenez, ezin izan dut kalera atera, eta ondioz dirua galtzen ari naiz.
Orduan, esan daiteke eguraldiaren menpe bizi zarela, ezta?
Bai, guztiz. Eguraldi txarra egiten badu, egun horretako diru sarrerak zero dira. Eguraldi ona behar da jendea kalera, eta batez ere hondartzara, atera dadin. Ona eginez gero, jende asko ibiltzen da hemendik, bai euskaldunak eta bai turistak.
Horren harira, nolakoa da bezeroen profila? Hemengoek edo kanpokoek erosten dizute gehiago?
Turista nazionalak dira gehien erosten didatenak. Hemengoek ere bai, baina kanpotarrek gutxien. Azken batean, urrutitik datozenek ez dituzte barkilloak ezagutzen. Begira gelditzen dira, hori bai, baina ez dituzte erosten. Espainian, ordea, ezagunak dira barkilloak, eta horiek erosten dizkidate gehienbat. Horregatik, turismo nazionala da niri interesatzen zaidana.
Lan gogorra da, ezta?
Bai, gogorra da. Orain dela urte batzuk asko ginen, nire moduan, honetan lan egiten genuenak. Orain, ordea, gero eta gutxiago geratzen gara. Lan gogorra da; izan ere, eguraldi ona egiten badu behintzat, egun osoa egon behar duzu hemen, asteko egun guztietan. Ez duzu beste ezertako denborarik, eta irabazten dena ere nahiko justua da.
Nola ikusten duzu uda?
Ba ez dakit egia esan. Pandemiaren egoera egun batetik bestera aldatzen denez, eta eguraldia ere berdin, inoiz ez dakit hurrengo egunean nolako eguna izango dudan. Espero dut behintzat, eguraldi onak egitea uda osoan.
Nondik eskuratzen dituzu produktuak?
Nik egiten ditut, lokal bat baitut. Nik lehengaiak eskuratzen ditut, eta gero ekoiztu nik. Artisau lana da guztia.
Pataten bilgarria horia dela esan daiteke. Esanahiren bat dauka?
Horrela izan da beti, betidanik bilgarria horia izan da, horrela ezagutu izan dut nik. Horregatik, berdin jarraitzen dut nik ere. Barkilloak, bestalde, orain pandemiagatik plastikoan bildu behar ditut. Udala beti dago plastikoaren erabilera murriztearen aurka; kasu honetan, ordea, plastikoarekin biltzera derrigortzen naute. Kontraesanez kontraesan dabiltza beti.
