"Esperientzia oso ona izan da: pasa den urtean bigarren gelditu nintzen, eta aurten, lehenengoa"
Zipotz jaien asteburuan antolatutako ekitaldien artean, tabernen arteko II.pintxo txapelketa izan zen ostiral eguerdian. Groseko hamabost tabernak hartu zuten parte, eta izena eman zuten auzotarrek 12:00etatik 17:00etara aritu ziren pintxoak dastatzen. Parte hartzaileek larunbat arratsaldean eman zuten haien bozka eta Gaztelu Txikiko pintxoa atera zen irabazle. Groseko Karkizano kalean dago taberna, eta Juan Ignacio Zugasti Uballes da jabea. Beregana jo dugu pintxoaren berezitasunak ezagutzera.
Zer giro izan da aurten Zipotz jaietan? Nola ikusi duzu auzoa?
Giro ona nabaritu da. Ez da normalean bezain beste jende ibili, baina hala ere, ondo joan da asteburua. Auzotarrek kalera irteteko gogoa dute, hori argi dago. Festarako gogoa du jendeak eta nabaritu da.
Zipotz jaietako pintxo lehiaketan parte hartzen zenuen lehen aldia zen? Nolako esperientzia izan da?
Pintxo txapelketan parte hartzen dugun bigarrena aldia izan da, duela urtebete ere bertan izan ginen. Esperientzia oso ona izan da: pasa den urtean bigarren gelditu nintzen, eta aurten, lehenengoa.
Zein izan da aurkeztu duzun pintxoa?
Oilasko broxeta bat eraman nuen txapelketara. Baserriko oilaskoa erabili nuen, tenperatura baxuan egin eta konfitatutako pikillo piperrekin egindako base baten gainean jarri nuen. Gainetik, eztia eta curryarekin egindako saltsa jarri nion.
Zergatik aukeratu duzu pintxo hori?
Oilaskoa eta currya oso gustuko ditudalako. Pintxo hau ez dugu tabernan izaten, espresuki txapelketarako prestatutako pintxoa izan da. Datorren astetik aurrera hasiko gara hemen eskaintzen. Jende askok esan digu pintxoa probatzeko gogoarekin geratu dela eta oso harrera ona izan du.
Zenbat taberna aurkeztu zinen? Saririk jaso ahal duzu?
Aurten hamabost tabernak hartu dugu parte eta oso pozik nago irabazle atera naizelako. Bozketako emaitza jakin ondoren antolatzaileek Zipotz jaietako zapia eta egurrezko sardexka eman zizkidaten.
Aurtengo udarak aldaketak ekarri dizkigu baina oraindik ez gara normaltasunera itzuli. Nola bizi duzu uda?
Ez gara ohiko erritmoaren erdira ere iristen ari. COVID-19 kasuak asko igotzen ari dira eta abuzturako ez dugu espero egoerak hobera egingo duenik. Aste Nagusia ondoren beti nabaritzen da lan gutxiago dagoela eta kasuek gora egiten jarraitzen badute, nik uste dut, aurten konfinamendura itzuliko gaitezkeela. Aurrera begira jarriz gero, nahiko ezkor gaude.