Topoaren Herrera eta Irun arteko tartean merkantzien trenbide saihesbidea egingo dute
Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, ETS erakunde publikoaren bidez, argi berdea eman dio topoaren Herrera eta Irun bitarteko tartean metro bateko zabalera duen trenbide saihesbide baten azterlana idazteko lizitazioari. 120.000 euroko oinarrizko aurrekontua du eta bederatzi hilabeteko egikaritze epea. Herrera eta Irun arteko trazadura onena definituko du, merkantzia trenen zirkulazioa erosotasun eta segurtasun baldintza egokietan ahalbidetzeko parametro geometriko nahikoekin.
Euskotrenek tren bidezko merkantzien garraioaren igoerari buruz esku artean dituen aurreikuspenek etorkizun hurbilean zirkulazioak areagotu egin daitezkeela erakusten dute. Pertsonak eta merkantziak garraiatzeko partekatu egiten den egungo azpiegiturak, biztanle asko dituzten eta kasu askotan trazaduratik oso hurbil dauden eraikuntzak dituzten guneak zeharkatzen ditu.
Horrek egungo trazaduraren ezaugarriak hobetu egin behar direla erakusten du, trenbide bikoizketen edo saihesbideen bitartez, lehendik dauden lineek trafiko bolumenaren igoera hori xurgatu ahal izan dezaten eta, horrela, igarotzen diren udalerrietan inpaktu txikiagoa sortzen lagundu dezaten. Gainera, planteamendu hori EAEko Trenbide Sarearen Lurraldeko Sektore Planaren filosofiarekin bat etorri behar da, hau da, trenbideko merkantzien trafikoa sustatzea.
Donostia-Hendaia lineari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak azken urteotan egin duen jarduketetako bat linea pixkanaka bikoiztea izan da, Donostiatik hasita, eta tarteka aurrera eginez, bere eremuko edukiera eta, ondorioz, trenbide eskaintza, handitu ahal izateko. Zehazki, 2010etik, ia hamabi kilometro bikoiztu dira Orion eta Hendaian, eta horiei beste sei kilometro gehitu beharko zaizkie orain egiten ari diren Donostiako saihesbidearen obrak bukatzen direnean, eta baita datozen hilabeteetan hasiko diren Altza-Galtzaraborda saihesbidearenak ere.