'Hip, hip uda!' kanpaina abiatu du Dbusek
Dbusek Donostiako udaz gozatzeko proposamena egin nahi die erabiltzaileei, hiriko txoko guztiak ezagutu eta jarduera berriak egin ditzaten. Hala, udako kanpaina honetan, 31 plan ezberdin egiteko gonbitea luzatu du Dbusek, dituen 31 lineak erabiliz. Horretarako abiatu du Hip, hip uda! kanpaina. Mikrosite bat sortu dute plan horiek zeintzuk diren ezagutzeko: https://www.hiphipuda.eus/es/.
Kanpaina uztailaren 20tik 31ra bitartean egongo da martxan, eta lehen egunean lehiaketa batekin eman diote hasiera. Dbusek proposatutako planetako batez gozatzen ari direla erakutsiz Instagrameko story bat argitaratzen duten 100 pertsonei kanpainaren totebag batekin sarituko dituzte.
Higinia Garay diseinatzaile eta Thais Varela argazkilariaren lana dira kanpainako irudiak. Dbuseko hiru autobusetan erakutsiko dituzte haien ilustrazioak eta hainbat markesinatan ere ikusgai izango dira. Horrez gain, autobus barruko pantailetan zein sare sozialetan agertuko diren hainbat bideo prestatu dituzte.